Zer nahi duzu?

Giro paregabea

Uztailaren 6ko 12:00etatik aurrera, une horretan jaurtitzen baita sanferminei hasiera ematen dien txupinazoa, uztailaren 14ra arte, “Gaixoa ni” abesten baita orduan festei agur esateko, giro bizi-bizia eta emozioa dira nagusi hirian.

Nafarrak eta maitekiro hartzen diren mundu guztiko bisitariak intentsitate handiz bizi dira 9 egun eta 9 gau horietan, lokaletatik, peñetatik eta aire zabaleko kontzertuetatik purrustaka ateratzen den musika lagun dutela.

Zezenketetan ere nabari da hain berezia den atmosfera hori, oso desberdinak baitira beste edozein zezen-feria nazionalen aldean. Peña sanferminzaleak dira protagonista hor, eguzki-tendidutik ikuskizuna girotzen baitute dantza eginez eta kantatuz.

Egunean zehar, giro apartaz beteko dira kaleak: ekitaldi tradizionalak, musika, gastronomia, baita inprobisatutako dantzak eta artea ere. Gauean, su artifizialek bide emanen diote gaueko giro eta algarari, zeina indarra galduz joanen baita pixkana-pixkana goizaldea iritsi ahala; orduan, egunero goizeko 08:00etan egiten den entzierroaren ikusleak eta lasterkariak agertuko dira.

Jendez mukuru betetzen den edozein festatan bezala, tentuz ibiltzea komeni da, baina, dudarik gabe, harrera ona, alaitasuna, lagun giroko bizikidetza eta giro ederra dira sanferminen ezaugarri nagusiak. 204 orduko festa etengabea, zeinetan jantzi zuri-gorriak denok berdindu eta elkar hurbiltzen gaituen, dantzak, mahaia eta konfidentziak partekatuta. Belaunaldiak, hizkuntzak eta nazionalitateak batzen ditu kode eta erreferentzia bakar batean: primeran pasatzea.

Horren bila bazabiltza, ez hutsik egin.