Zer nahi duzu?

Ekitaldi egitaraua

Sanferminetan, festak kalean egiten dira.  Jendeak berez, naturaltasunez egiten ditu festak, ekitaldi egitarauarekin batera.   Iruñeko erdiguneko edozein tokitan eta edozein ordutan, hamaika ekitaldi aurkituko dituzu, gustu eta publiko guztien neurrira: entzierroa, ausartuenentzat; prozesioa, debozio handia dutenentzat; erraldoiak eta buruhandiak, handi eta txikientzat.  
Deskargatu 2017eko programa.


Txupinazoa

Halaxe esaten zaio Sanferminak iragartzen dituen suziriari
. Uztailaren 6ko hamabietan puntuan milaka pertsonak betetzen dute Iruñeko Udaletxe plaza. Mukuru betea dago plaza. Emozioz kabitu ezinik, jendea, gorriz eta zuriz jantziak denak, udalbatzako kide batek suziriaren metxa lehertu zain dago. Plazan, kantuak, oihuak, txaloak nagusitzen dira. Orduan, "Pamploneses, Viva San Fermín, Gora San Fermin" oihukatzen da, eta emozioa lehertu egiten da. Milaka zapi gorri astintzen dira, bederatzi egun iraungo dituzten festa paregabeko horiei ongietorria emateko.

Bezperak, riau-riaua eta prozesioa

Uztailaren 6an, 20:00etan, San Ferminen ohorezko bezperak egiten dira, San Lorentzo elizan. XV. mendetik datoz, eta musika errepertorio oparoa dute. Udalbatzak parte hartzen du ekitaldian gala-jantziekin eta ehunka neska-mutilez inguraturik oinez egiten du udaletxetik abiatzen den bide hori. Hori dena Astrainen baltsaren erritmora (Riau-Riau izena baltsaren errepikatik dator). Hasierako hamarkadetan, ekitaldiak ordubete inguru irauten zuen. Urteak pasa ahala, gero eta motelago zihoan segizioa, eta bertan behera ere utzi behar izan zen.

Uztailaren 7an, San Fermin eguna da.  Goizeko hamarretan, prozesioa egiten da. Jendetza joaten da ikustera, eta iruindarrek oso maite dute ekitaldi hori.   Agintari zibil eta erlijiozkoez gain, jende ugarik laguntzen dio santuari Iruñeko Alde Zaharreko hainbat kaletatik.  Tradiziorako eta deboziorako unea da.  Gurtzen den irudia XV. mendeko tailu bat da. Egurrezkoa da, eta, 1687an, zilarrez estali zen. Bular aldeko obaloan, San Ferminen erlikiak daude.

Dianak

La Pamplonesa udal musika banda goizero ibiltzen da Alde Zaharreko kaleetatik. Dianak dira. Goizeko 6:45ean abiatzen da, udaletxetik, eta publiko anitzi atsegin ematen dio: jaiki berriak, oraindik oheratu ez direnak eta entzierroan parte hartu nahi dutenak, besteak beste.

Erraldoiak eta buruhandiak

Erraldoi eta buruhandien konpartsa errege gorteak osatzen du, buruhandiek, kilikiek eta zaldikoek osatutako segizioa aurretik doalarik. Harri-kartoiz egindako 25 figura dira, hiriko erdigunetik ibiltzen direnak goizero. 

Erraldoiak dira figura zaharrenak. 1850ekoak dira. Dantzariaren gainean daudela, 4,20 metroko altuera dute. Pisua 59 eta 64 kilo bitartekoa da. Errege batek eta erregina batek osatutako lau bikote dira. Amerika, Afrika, Europa eta Asia irudikatzen dituzte, eta txistu eta danbolinaren erritmora dantzatzen dute.

Kilikiek zinegotziak irudikatzen dituzte, eta herria izutu eta alaitzea dute helburu. Sei dira, eta aparrezko idizil bana daramate, txikienak gozo jotzeko eta zirikatzeko erabiltzen dituztenak. Oso izen bitxiak dituzte: Coletas, Patata, Barbas, Verrugas, Napoleón eta Caravinagre.

Zaldikoak beste hainbeste dira, eta horiek ere harri-kartoizkoak dira. Eramaten dituztenek gorri eta urre koloretako jantzia daramate.   Horiek ere idizilak dituzte. Buruhandiak erraldoien aurre-aurretik doaz, eta segizioaren pertsonaia serioenak dira. Buru handi-handiak dituzte, eta izen hauexek: Japonés, Japonesa, Concejal, Abuela eta Alcalde.

Peñak

Peñak berez lagun taldeak dira, eta Sanferminengatik eta Sanferminetarako sortu ziren. Zer esanik ez, peñakideak festen zale amorratuak dira.  Protagonista nagusiak dira zezenketan.  Eguzkiko tendiduan kokatzen dira, eta giro berezia ematen diote plazari: kantak, jantziak, ezkutuak eta pankartak. Zezenketa bukatutakoan, Gazteluko plazara jotzen dute. Hor banatu eta hiriko erdiguneko kaleetatik joaten dira. 
Baina ez dira mugatzen zezenketara joatera. Haiek ekarritako musika eta giroa egun osoan zehar dago kalean, guztion gozamenerako. Kaleetatik doazela, parkarta bat eramaten dute beti, hiriko gorabeherak islatzen dituena. Horretaz gain, euren egoitzak (Jarauta kalean eta ingurukoetan) ostatu bilakatzen dira egun horietan, eta edan, dantzatu eta ongi pasatzeko aukera ematen dizute eguneko 24 orduetan.  

16 peña dira guztira. Antzinakoena La Única da, 1903an sortua. Gainerako hamabostak hauexek dira: Muthiko Alaiak, El Bullicio Pamplonés, La Jarana, Oberena, Aldapa, Anaitasuna, Los del Bronce, Irrintzi, Alegría de Iruña, Armonía Txantreana, Donibane, La Rotxa, 7 de Julio San Fermín, San Jorge eta El Txarko.

Peñak festengatik eta festetarako sortu baziren ere, urtearen gainerakoan ere biltzen dira peñakideak, gastronomia, kutur eta kirol ekitaldiak antolatzeko. 

Ikuskizunak, musika eta kontzertuak

Ezbairik gabe, Sanferminetan, festa, giroa kalean da. Ikuskizun anitz dituzu zain, eta horietako asko doanekoak dira. Urtetik urtera errepikatzen dira normalean, baina gomendagarria da egitaraura jotzea eguna eta ordua jakiteko.Ekitaldietako asko goizean izaten dira.  Uztailaren 6an, folklore jaialdia ospatzen da Foruen plazan. Beste egun batzuetan, aldiz, herri kirol erakustaldiak biltzen ditu plazak. Media Luna parkean, euskal kulturari lotutako ekitaldiak egiten dira. Basotxoan, bere aldetik, erregio etxeetako musika eta dantza taldeak aritzen dira egunero, 20:30ean.   Zezen plazak zezenketa ezezik beste ekitaldi batzuk ere biltzen ditu: landa festak eta behi-errekortatzaileen lehiaketa, esaterako, jende ugari erakartzen dutenak.
Rodezno kondea plaza haurrek dute biltoki. Neurrira prestatutako ikuskizunak dituzte bertan. Zaldiak atsegin dituztenek ganadu feria dute hitzordu, uztailaren 7an egiten dena.
Gaua ere ikuskizun eta ekitaldietarako unea da, jakina: zezensuzkoa, dantzak, su artifizialak, kontzertuak eta abar. Iruñeko erdiguneko kaleak giro-girotsu agertuko zaizkigu.

Musikak gainezka egiten du hirian, egun horietan. Gehienetan modu inprobisatuan sortzen bada ere, kalean, egitarau ofizialak toki handia egiten die kontzertu eta dantzaldiei ere.  Horrela, kontzertuak antolatzen ditu Udalak Taconera parkeko lorategietan, egunero (uztailaren 7an izan ezik).

Goizean izaten diren kontzertuen artean, txistularien alardea da nabarmentzekoa, musikari profesionalen eskutik.   Txistuak ezezik beste instrumentu batzuk ere jotzen dira kontzertuan: silboteak, tronpetak, tronpak, tronboiak, tubak eta akordeoiak. 
Kontaezinak dira kalea hartzen duten musika adierazpenak. Gauean, azkenik, ez dute huts egiten betiko dantzaldiek eta atari zabalean egiten diren kontzertuek, egungo talde onenen eskutik.

Atrakzio feria

Atrakzio feria (hemen "barrakak" esaten zaio) ere badago Sanferminetan, leku finko batean. Ehunen bat atrakzio etortzen dira Iruñera, Sanferminetarako. Feriak haurrendako karruselak, atrakzio zirraragarriak, ostatu eta jatetxeak, txurroak erosteko tokiak, tonbolak, eta abar biltzen ditu.   Jai eta kolore giroa nonahi.

Su artifizialak

Uztailaren 6tik 14ra, gaueko hamaiketan, gaueko giroa lehertzen hasten denean, su artifizialen ikuskizun ederraren txanda heltzen da. Ziudadelatik botatzen dira suak, eta kolore anitzeko argiek eta burrunbak erakartzen dute iruindar eta bisitarien arreta.    Uztailaren 7an, San Fermin egunean, alegia, ikuskizun pirotekniko eta musikala eskaintzen da.  Hori gozatzeko besaulki-patiorik onena Gaztelugibeleko parkea da. Izan ere, harro-harro dago belarra, eta aukera ona da gorputzari atseden emateko eta ikuskizuna gozatzeko. Gero, girora, festara berriro.  

Pobre de mi

Festetako azken ekitaldi ofiziala da. Iruindarrek kandelak hartu eta Udaletxe plazan biltzen dira. Uztailaren 14an da, gaueko hamabietan, eta aurtengo festei agurra ematen zaie. Baina, lasai, datorren urteko Sanferminetarako atzerako kontaketa hasi da jadanik.  Alkateak, udaletxeko balkoitik, agur ofiziala ematen die festei, eta datorren urtekoetarako gonbita luzatzen dio mundu guztiari. Bitartean, suziri-traka bat erretzen da aldamenean dagoen Burgoen plazan. Azken ekitaldi ofiziala bada ere, gau osoan zehar luzatuko dira giroa eta festa.
Ekitaldiaren izena ("Pobre de mí") gau osoan zehar denon ahotan dagoen kantatik hartua da: "Pobre de mí, pobre de mí, que se han "acabao" las fiestas de San Fermín".
Bisita ezazu Iruñeko Udalaren Web gunea, non aurkituko dituzu festetako bideoak, entzierroak zuzenean eta informazio gehiago.