Zer nahi duzu?

Historia

Sanferminetako jatorriak Erdi Aroan kokatzen dira, eta hiru ospakizuni lotzen zaizkio: San Ferminen ohorezko erlijiozko ekitaldiak, XII. mendetik aurrera biziagotuko zirenak, merkataritza feriak eta zezenketak, XIV. mendetik dokumentatu direnak. Hasieran, San Ferminen ohorezko jaia urriaren 10ean egiten zen. Baina 1591n uztailera eramatea erabaki zuten iruindarrek, eguraldia txarrarekin etsita, feriekin bat eginez. Horrela jaio ziren Sanferminak. Lehenengo urtean, bi egun iraun zuten, eta pregoia, musikariak, torneoa, antzerkia eta zezenketak izan ziren.Hurrengo urteetan, beste ekitaldi batzuk (su artifizialak eta dantzak, kasu) gehitu ziren, eta festak uztailaren 10era arte luzatu ziren.

XVII. eta XVIII. mendeetako kronikek ekitaldi erlijiozkoak, musikariak, dantzariak, erraldoiak, torneoak, saltinbankiak, entzierroak eta zezenketak aipatzen zituzten, kleroa kezkatuta zegoela horrenbeste edatearekin eta neska-mutilen lizunkeriarekin gehitzen zutelarik. Era berean, beste lekuetako jendea zetorrela eta haien ikuskizunekin "hiria dibertigarriagoa" zela zioten kronikek. Horrela, XIX. mendean zehar feriako bitxikeriak eta atrakzioak izan ziren: kanoi-emakumea, animalia exotikoak edo argizarizko figurak. Erraldoien konpartsak, bere aldetik, buruhandi, kiliki eta zaldiko berriak estreinatu zituen. Beste alde batetik, entzierrorako hesia bikoitza ez zenez oraindik, zezenek behin baino gehiagotan ihes egiten zuten Iruñeko kaleetatik.

XX. mendearekin batera, Sanferminek ospe handiena lortu zuten. Ernest Hemingway idazlearen "The sun also rises" ("Fiesta") eleberriak, 1926an idatziak, mundu osoko pertsonak erakarri zituen Iruñeko festetara. Azkenik, XX. mendekoak dira gaur egun horren ospetsu diren riau-riaua (1991tik bertan behera utzita) eta txupinazoa, baita kultur egitaraua ere.