Zer nahi duzu?

Ernest Hemingway

Sanferminek mundu osoan duten ospearen zati handi bat Ernest Hemingway idazleari zor zaio. Izan ere, festak aipatzen zituen kazetaritza kroniketan eta, batez ere, "The sun also rises" ("Fiesta" izenarekin ezagunagoa dena gaztelaniadunen artean) eleberrian.

Gero Nobel saria jasoko zuena 1923ko uztailaren 6an heldu zen Iruñera estreinakoz. Hadley Richardson bere lehen emaztearekin etorri zen. Hain barruraino sartu zitzaizkion festak ezen behin baino gehiagotan etorri baitzen. 1959an etorri zen azken aldiz. Gazteluko plazako La Perla hotelean hartzen zuen ostatu Iruñera etortzen zen bakoitzean.

Garai horietan, usu ikusten zen Hemingway Gazteluko plazako terrazetan, entzierroan parte hartzen edo zezen plazako hondarrean, susto handi bat edo beste eman zioten zekor bolaztatuen aurrean.

Zezen feria eta zezen hiltzaileak miresten zituen, eta zezenketa guztietara joaten zen. Bezero ona izan zen jatetxe eta tabernetarako, Casa Marcelianorako, esate baterako. Hor, Nafarroako sukaldaritzaren plater tradizionalenak dastatzen zituen. Matías Anoz bere lagunak eman zion errezeta bat (ajoarrieroa ganbekin) betiko gordeko zuen.



Festa ekitaldi gehienetara joaten saiatzen bazen ere, beti aurkitzen zuen tarte bat bere zaletasun handia, arrantza, praktikatzeko Nafarroako amuarrain-ibaietan. Hara egiten zituen joan-etorrien isla ere jasota geratu zen "Fiesta" liburuan. Izan ere, Jake Barnes eta Bill Gorton protagonistek Pirinioetako ibarretatik bidaiatu zuten.

Hemingwayren hasiera-hasierako lekukotasunetatik, milaka iparamerikar etorri dira Iruñera Sanferminak ezagutzera. Haien artean, hauek dira nabarmentzekoak: David Black, 40 aldiz etorri zena; Matt Carney, entzierroaren korrikalari bikaina bilakatu zena, Jerónimo Echagüe bere lagun min eta maisuari esker; Alice Hall, Joe Disler, Ray Morton eta Arthur Miller dramaturgoa zein bere emaztea zen Inge Morath argazkilari austriarra. James Michenerrek "The drifters" liburuan biltzen ditu Sanferminetara etortzen diren bisitari atzerritarren esperientziak.

Ospe handiko izen horietaz gain, mundu osoko jendeak jarraitzen die Hemingwayren urratsei, Iruñeko "Fiesta" ezagutu nahian.