Zer nahi duzu?

Nola antolatu zure eguna

"1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo, 4 de abril, 5 de mayo, 6 de junio, 7 de julio San Fermín… A Pamplona hemos de ir…"

Uztailaren 6an, eguerdiko 12:00etan hasten da dena: Txupinazoa jaurtitzen da Udaletxe plazan, eta istant bat geroago, “¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!” oihuek, suziria lehertzearekin bat, giro zirraragarria sortzen dute. Une horretatik aurrera, zuria eta gorria nagusituko dira Iruñeko karriketan 8 egunez, eta, berezko kolore horiekin batera, zezenak, musika, tradizioak, dantza eta giro ona izanen dira nonahi.

Zehatz-mehatz jakin nahi baduzu nola antolatu sanferminetako egun bat deus ere ez galtzeko, hona hemen gure proposamena:

Eguna hasteko, entzierroa ikusiko dugu haren ibilbidean dagoen balkoi batetik, sanferminetan aditua den bertako gida batek lagundurik. Entzierroaren ondoren, ezin bestela izan, gosaria. Zorionekoa bazara, Nuevo Casino elkartean hartzeko aukera izanen duzu, han biltzen baita Iruñeko gizartearen parte bat gosaltzeko eta hain giro bereziaz gozatzeko; lokal pribatu bat da, Iruñeko bihotzean –Gazteluko plazan– dagoena, eta bazkideak soilik sar daitezke. Kazetariak, politikariak, diplomatikoak, entzierroko lasterkariak eta artzainak eta halakoak aurkituko dituzu han dudarik gabe.

18:00etatik 20:30era bitarte, zezenketa bat ikus dezakezu plazan, goi harmaila estalkidunean, eta, hura bukatuta, peñen irteeran parte har dezakezu, horixe baita sanferminetako hitzordu koloretsuenetako bat.

Gauean, tabernaz taberna ibil zaitezke tapak hartzen, eta gero su artifizialak ikusi Baluarteko terrazatik, eskuan kopa bat cava duzula; Iruñeko Biltzar Aretoa eta Auditorioa da, eta Ziudadelaren aurre-aurrean dago. Egunari akabera emateko, eta leku horretan berean, musika eta zuzeneko kantuak.