Zer nahi duzu?

Zezenak

Zezena Sanferminetako protagonistetako bat da, hori ezin da ukatu. Zezenek eta korrikalariek goizeko zortzietan dute hitzordua. Entzierroa da, Sanferminetako ekitaldirik famatuena. Arratsaldean, zezenketa egiten da. Ikusgarriak dira bai itzaleko tendiduen isiltasuna bai eguzkikoen algara eta zalaparta, peñek sortzen dutena. Ilunabarrean, entzierrilloa egiten da. Dena isil-isilik dago, eta arraro egiten da. Zezenak Gas-eko kortetatik Santo Domingo aldapakoetara eramaten dira, korrikalaririk gabe oraingoan. Entzierroa hortik hasiko da, hurrengo egunean.

Ganadutegiak

Soilik kasta handieneko zezenak hautatzen dira festetarako. Cebada Gago, Miura, Domecq edo Jandilla bezalako ganadutegiak, besteak beste, etortzen dira urtero zezen feriari behar bezalako zirrara emateko asmoz. 

Prestigio handia ematen dio ganadutegi bati entzierrorako eta zezenketarako hautua izatea, baina horrekin hartzen den erantzukizuna ere ez da nolanahikoa. Milioika begik egingo diete so zezenei, beste hainbeste iritzi emango direlarik. 

Ganadutegi batzuei betidanik egotzi zaizkie berezko ezaugarri batzuk, zezenen suhartasunean oinarrituta. Horrela, denok entzun dugu Miura ganadutegikoak zezen arriskutsuak eta adar handikoak direla, baita hondarrean nobleak, zintzoak direla ere; Cebada Gago ganadutegikoak euren jenioarengatik arriskutsuak direla; Jandillako adardunak beldurtzekoenak direla, entzierro kitzikagarriak eta izugarriak eragiten dituztelako. Hurbiletik ikusi nahi izanez gero, kortetan ikusi daitezke zezenak Sanferminetan. Ordutegia: Uztailaren 2tik 13tara, 11:00tatik 13:30etara eta 16:30etatik 20:30etara.

Zezen-banaketa

Arratsaldean toreatuko diren zezenak banatu egiten dira, zozketa egin eta gero. Zezen plazan egiten da. Balkoi txiki bat dago, eta hortik ikusten dituzte zaleek eta kuriosoek zezenen ezaugarriak. Iruñean, ordu batan egiten da. Zaldi-patioko atetik sartu behar da.

Plazako zaldunen eta mandakoen desfilea

Plazako zaldunen eta mandakoen desfilea egiten da egunero, uztailaren 7tik 14ra, arratsaldeko 5:30an. Desfile bitxi horrek Udaletxe plazaren eta zezen plazaren arteko bidea egiten du. Aurrean, bi zaldun doaz, beltzaz jantzirik eta kapa jarririk. Atzean, hiru mandakoz osaturiko bi talde eta 14 mandazain. Jarraian, "La Pamplonesa" udal bandaren musikariak, eta, bukatzeko, jendea.

Zezenketa

Zezenketa entzierroaren amaiera bezala ulertu da beti Iruñean. Uztailaren 7tik 14ra bitarte, arratsaldeko seietan, ikusleak ezaugarri nagusi dituen ikuskizuna izaten da Harmailetan bi talde antzematen dira: zezenzale ortodoxoenak, batetik, eta peñetako neska-mutilak, bestetik, eguzkiko tendiduan. Azken horiek dira, dena den, protagonistak, euren kolore, algara, kantu eta, hirugarren zezena hildakoan, askariarengatik. Zaila da sarrerak lortzea. % 90 feria osorako abonoen bidez saltzen baita. Modu errazena zezenketa bakoitzaren amaieran leihatila aurreko ilaran jarri eta sarrera erostea da.

Entzierrilloa

Hurrengo egunean zezen plazan toreatuko diren sei zezenak Gas-eko eskortetatik Santo Domingokoetara eramaten dira. Entzierroa hortik hasiko da biharamunean. Gaueko hamaiketan egiten da entzierrilloa. Ibilbideak 440 metro ditu, baina, entzierroan ez bezala, isiltasuna da nagusi eta ez dago korrikalaririk. Ikusi ahal izateko, pase bat behar da, Udalak festak hasi eta aurreko egunetan ematen duena.