Zer nahi duzu?

Entzierroaren aldeko pasioa

Entzierroa  da Sanferminetako unerik ezagunena, eta ia mundu guztian ezagutzen dute, gainera. Une horretan, eta bakarra da egun osoan, festa-giroa geldiarazten da, eta bihotzak taupada bizian hasten dira, tentsioa baita nagusi ibilbidean. Hemingwayren arabera, “halako ikuskizun batengatik bakarrik jaikiko ginateke goizeko bost eta erdietan zortzi egunez jarraian”. Eta zera erants genezake: “baita milaka kilometro egin ere, bertan parte hartzeko”.

Izan ere, egunero, uztailaren 7tik 14ra bitarte, goizeko 8etan eta lasterkariek kantuz santuari babesa eskatu eta gero, iruindar guztien bihotzetan oihartzuna duten bi suzirik iragartzen dute Santo Domingoko ukuiluetako ateak zabaldu direla.

Une horretan, 6 zezen, 6 joaldun ondoan dituztela, saldoka ateratzen dira, eta lasterkarien atzetik joanez zezen-plazaraino dauden 825 metro horiek egiten dituzte, batez beste hiruzpalau minutu emanda. Ilusioa, erronkak, tradizioa, promesak, debozioa… horra lasterkariak ibilbide horretan arriskatzera bultzatzen dituzten sentimenduetako batzuk, zenbait kasutan egunero-egunero, 8 entzierroetan.

Santo Domingoko aldapa, Estafetako bihurgunea edo zezen-plazara sartzen den “kalejoia” dira toki arriskutsuenetakoak, zezenek ataka larrian jartzen baitituzte lasterkariak horietan, eta zenbaitetan harrapatu ere egiten dituzte. Tentsio hori guztia orekatzeko, hasperen luzea egiten da azken zezena plazako ukuiluetan sartzen denean. Une horretan, Iruñeko zezen-plazan entzierroaren akabera ikusten ari diren 20.000 pertsonen txalo hunkitua besterik ez da entzuten hirian.