Zer nahi duzu?

Festa Unibertsala

Erdi Aroan hasi zen sanferminen jatorria, bereziki erlijiosoak ziren ekitaldiak egiten baitziren Iruñeko lehen apezpikua izan zenaren ohorez. Denbora joan ahala, festak bilakaera izan eta giro ludikoago bat sortu zen, ekitaldi musikalak, lehiaketak, antzerkia eta zezenketak eginda. Geroago bestelako ekitaldiak sortu ziren, hala nola entzierroak, su artifizialak, dantzak edo festak iragartzen dituen txupinazoa bera.

XVIII. mendean jada aipatzen da atzerritarrak etortzen zirela festara, baina gertaera batek markatu zuen bereziki festen ospea: 1926an, Ernest Hemingwayk "The sun also rises" nobela ospetsua argitaratu zuen, eta sanferminen espiritua helarazi zien munduko bazter askotako irakurleei. Harrezkero, makina bat jende etorri zen Ipar Ameriketako Nobel saridunaren bizipenek erakarrita, eta, horrela, sanferminak mundu guztian ezagunak diren festa bihurtu ziren azkenean.

Hiria txiki gelditzen da Iruñera uztailaren 6 bakoitzean munduko txoko guzti-guztietatik iristen diren milaka pertsonak hartzeko. Izan ere, iruindarren hospitalitatearen eta kaleko giro ederraren ondorioz, atzerritarrek, etxean bezala sentitu, eta modu naturalean hartzen dute parte festa-ekitaldietan.

Ernest Hemingway bezala, haietako anitz itzultzen dira urtez urte, behin eta berriz etortzeko gogoa pizten omen baitute sanferminek. Horrela, turista anglosaxoi eta suediarren talde batzuek haientzat propio pentsatutako establezimenduak dituzte, baita haiek protagonista diren gaueko giro batzuk ere. Hain da handia integrazioa, ezen batzuek beren peña sortu baitute –zenbaitek 40 urtetik gorako historia dute–, suediarren peña, adibidez, 1975ean fundatu zena; gero, beste batzuk etorri ziren atzetik, besteak beste norvegiarren peña edo New Yorkeko zezen-peña.