Zer nahi duzu?

BETI BERDE DAUDEN IBARRAK

Hartu arnasa, eta ikusi zeinen liluragarriak diren Nafarroako Pirinioetako ibar guzti-guztietan dauden altxor naturalak. Hasi Erronkaribarretik eta Urbasa-Andia Parke Naturaleraino, ibil gaitezen erkidegoaren iparraldeko inguru eder hauetan barna, presarik gabe. Aukera ugari dauzkagu: Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Iratiko oihana, Baztango harana, Bertizko Jaurerria eta Urbasako mendilerroa, adibidez. Edonola ere, ezaugarri bat bera dute guztiek: paisaia berde iraunkorra.

- Erronkaribar eta Zaraitzu ibarra

Ezka eta Zaraitzu ibaiak ditugu ibar sakon horien bizkarrezur; bertako paisaiak taxutu, eta zentzu betea eman diete almadiaren eta transhumantziaren gisako tradizioei. Ur-korronte horien iparraldean, Belaguako ibar zabala eta Larrako karsta daude; hegoaldean, berriz, amildegi artean estututa, Irunberriko eta Araiungo arroila ederrak, sai arreak gainean hegan dituztela. 

Zazpi herrik osatzen dute Erronkaribar; nortasun guztiz berezia daukaten zazpi herrik. Antzinako tradizioak, natura gardena eta gastronomia zaporetsua topatuko ditugu bertan. Ospe handia du, gainera, Erronkariko gaztak. Ondoko Zaraitzuko ibarrean, horra Otsagabia, ederretan eder. Bertatik jotzen da, gainera, Iratiko oihaneko pagadi ikusgarrira.

- Orreaga eta Erroibar, Esteribar eta Aezkoa

Luzaidek, mugan, Donejakueko bide frantsesari ematen dio ongietorria. Ibañetako mendatea zeharkatu ondoren, Orreagara iritsiko gara, Nafarroako Donejakue bideko funtsezko mugarrira. Ibilbideak Erroibarren eta Esteribarren barna jarraitzen du. Lehenengoan, Nafarroako basorik ederrenetako bat dago, Kintoa, oinetan Eugiko urtegia duela. Ekialderago, Aezkoa ibarreko herri bitxiek garautegi zaharrak eta Orbaitzetako arma-fabrikaren hondarrak gorde dituzte.

- Baztan eta Bidasoa inguruak

Nafarroako ipar-mendebaldea berde egoten da beti, Kantauri itsasoaren gertutasunaren eraginez. Ibar lasaien multzoa topatuko dugu bertan, eta horietan bat egiten dute naturak eta tradizioak, tartean Zugarramurdiko leizeetako sorginen eta akelarreen kondairak direla. Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean, oparoa da benetan landaredia, Bidasoa ibaiaren ertzean. Paisaian barreiatuta, baserri ederrak ikusiko ditugu; horietako asko, landetxe. Bestalde, Malerrekako eskualdean, txundigarriak dira, bisitari ororentzat, tradizio folkloriko oparoa eta Ituren eta Zubietako inauteri ospetsuak.


- Aralar mendilerroa eta ipar-mendebaldeko ibarrak

Aralar mendilerroan, karstikoa da pasaia. Bidexka ugariren gordeleku da hango basoa. Monumentu megalitikoak eta altxor erromanikoak ere aurki ditzakegu; San Migel santutegia, esaterako. Bista zoragarriak eskaintzen ditu, gainera, elizaren inguru horrek. Jende gehiena Larrauneko ibarretik joaten da bertara. Hor ere badira ezkutuko altxor batzuk: Mendukiloko kobazuloakPlazaolako bide berdea eta Iribaseko sorburua, besteak beste.

Aralarko gailurren multzoak Araitzeko haranean behera egitean, beste irudi eder bat izango dugu aurrean: Malloak. Iparralderago, Leitzarango harana dago, edertasun handikoa eta tradizioei jator eusten diena, ospakizunei, kirolei eta gastronomiari dagokienez. Eta, azkenik, Nafarroako geografiako txoko urrun batean, horra hor Goizueta, Artikutzako urtegiaren zaindari.

- Sakana eta Urbasa-Andia mendilerroak, natura eta tradizioak pil-pilean

Sakanak Aralar mendilerroa du iparraldean, eta Urbasa eta Andia hegoaldean. Oparotasun handiko eskualdea da; batetik, bikain eutsi diolako tradizioari, eta, bestetik, aberastasun natural handiko mendiak daudelako bertan; adibidez, Beriain-San Donato, pagoz eta haritzez josia. Haren oinetara, Urbasa-Andia Parke Naturala dago, larre eta pagadiak harmoniaz uztartzen dituen eremua, eta barrunbeetan leize eta arraila ugari dituena. Urederra ibaiaren iturburuak, bestalde, ur-jauzi eder baten bidez isurtzen ditu azalera bere urak. Ameskoa ibarretan, askotarikoak eta balio handikoak dira izadia, historia eta kultura. Hegoaldean, Lokiz mendilerro malkartsua daukate mugakide. Handik oso hurbil, Deierriko ibar ikusgarrian, Irantzuko monasterio zistertarra dago.