Pirinioak

PIRINIOETAKO GUNEAK

Pirinioetako tontor garaienak Nafarroa iparraldean daude, ibar beti berdez inguratuta. Kantauri itsasora hurbildu ahala, leuntzen joaten dira mendiak, klima bera bezalaxe. Paisaia horrek bost kontinenteetako bidaiariak erakartzen ditu. Landa-giroaren goxotasunera itzuli nahi izaten dute bisitariek, bertako arkitektura tradizional ederraz eta kulturaz gozatu, gastronomia oparo eta gozoa dastatu, eta Nafarroak bere muga-kokaleku estrategikoaren ondorioz duen historia emankorraren arrastoak ezagutu.

Landa-arkitektura ikusgarrikoa da, izan ere, ingurune xarmagarri hau, bai isurialdi atlantikoko baserrietan, bai ekialdeko ibarretan ohikoak diren karrika estu eta harriztatuko nukleo trinkoetan. Nafarroako Pirinioetan, bat egiten dute naturak, urak, gizakiak, historiak, mitologiak, usadioek, gastronomiak, soinuek eta isiltasunak...

Altitudea eta klima aintzat hartuta, hiru gune bereiz ditzakegu:

Ekialdeko Pirinioak

Villanueva de Aezkoa

Bertan daude Nafarroako mendirik altuenak, eta hantxe izaten da negua hotzena. Iparraldean, Frantzia dute Pirinioek mugakide, 163 kilometrotan.

Ekialdean, Erronkaribar dago, artzainen eta almadiazainen lurraldea. Bertan egiten dute Erronkariko jatorri-deitura daukan gazta ospetsua. Ibarrari izena ematen dion Erronkari herrian, Julian Gaiarre tenorra jaio zen. Burgin, berriz, Almadiaren Museoa dago. Almadiak zer diren? Enborrez egindako ontziak, behinola Nafarroako iparraldetik Zaragoza eta Tortosaraino ibaietan behera eramaten zituztenak.

Ibar horretatik, Belaguako glaziar-ibarrera jotzen da; paradisua da xendazaleentzat, mendizaleentzat eta, neguan, iraupen-eskiaren zaleentzat. Mendi garai horien artean, nabarmentzekoa da Hiru Erregeen Mahaia (2.444 metro), Nafarroaren «sabaia». Iparraldean, Larrako Natur Erreserba dago, kareharrizko paisaia karstiko paregabea. Bertan ospatzen dute, gainera aspaldi-aspalditik, «Hiru Behien Zerga» delakoa.

Berezi-bereziak dira Pirinioetako arroilak ere. Bi aipatuko ditugu: Irunberriko arroila, 150 metrora arteko hormak dituena, eta Arbaiunekoa, ia sei kilometroko luzera eta 300 metrora arteko desnibelak dituena. Biak ala biak, paradisu dira saientzat, ugatzentzat, igarabentzat eta orkatzentzat.

Ondoan, Zaraitzuko ibarra dago: harrizko kalexkak dauzkate bertako herriek, eta teilatu zorrotzak, neguko elurteei aurre egiteko. Otsagabia da bertako herririk enblematikoena; Pirinioetako postal ezagunenetako bat ere bada.

Bertatik, Iratiko oihanera jo dezakegu. Nafarroako Pirinioetako altxor natural ederrenetakoa da oihan hori: 17.000 hektarea dauzka orotara, eta Europako pagadi handienetakoa da. Hainbat bidexka barneratzen dira basoaren bihotzera, eta han, basoaren erdian, lasaitasun betean, Irabiako urtegia dago.

Aezkoa ibarretik ere sar daiteke oihanera. Mendez mende bere xarmari eutsi dion inguru horretan, hainbat garautegi topatuko ditugu. Orbaitzetatik barna ere jo daiteke Iratiko oihanera. Arma-fabrika bat egon zen Orbaitzetan XVIII. mendean, eta haren aurriak ikus ditzakegu bertan. Mendi-bideek inguruetako tontorretara eramango gaituzte; Urkulura, adibidez. Gailur horretan, erromatarren garaiko dorre baten hondarrak daude, eta, kondairak dioenez, Pirene dago hor lurperatuta; hau da, Pirinioei izena ematen dien neska ederra.

Ibar horren alboan, Luzaide daukagu, Donejakue bidearen sarrera. Orreagako kolegiata mitikoa da bideko mugarri nagusia, XII. mendean eraikia; nabarmentzekoak dira hango eliza ederra, klaustroa eta kapitulu-gela.

Hainbat espezietako basoz estalita daude Artzibar, Erroibar eta Kintoako mendigunea, Eugiko urtegiaren oinetan. Eremu babestu zabal horietan, orkatzak, basurdeak eta oreinak bizi dira. Udazkenean, txundigarriak gertatzen dira marrualdiko soinuak, behe-lainoaren, euri leunaren eta basoaren trinkotasunaren artean.

Igo

Pirinio Atlantikoak

Embalses de Leurtza

Ipar-ekialdeko Nafarroa Hezea ere deitzen zaio ibar berdez eta baso hostotsuz osatutako eremu honi. Pirinioetako mendikatearen mendebaldeko mugan daude kokatuta, eta, Kantauri itsasora hurbildu ahala, altuera galtzen doaz bertako gailurrak.

Belateko mendatea igarotakoan, Baztan ibarrera iritsiko gara: kapare eta indianoen lurraldea da Baztan; klima leun, zelai berde eta baso zabalen eskualde. Inguru horretan, mendiekin eta baserriekin jolasean ibiltzen da behe-lainoa. Ibarraren bihotzera abiatuz gero, Erdi Aroko jauregiak dauzkaten herri politak aurkituko ditugu; Arraioz eta Irurita, adibidez. Jauntxo-kutsua eta garai bateko emigrazioen oihartzuna sumatzen dira, oraindik ere, Gartzain, Elbete, Arizkun eta Elizondoko kaleetan, «indiano-etxeak» ikustean. Ibar horretan, nabaria da herri-kirolekiko zaletasuna –pilotarekiko, adibidez–, tradizioekiko errespetu handia, euskararekiko maitasuna, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako lanarekiko lotura.

Mugaren ondoan, Urdazubi eta Zugarramurdi aurkituko ditugu. Leize ikusgarri eta ezagunak daude hor: batetik, Ikaburukoak, Urdazubin, estalaktitaz beteta, eta, bestetik, Zugarramurdiko kobak, 1610ean sorginkeriarekin lotutako epaiketen lekuko izandakoa.

Bidasoa ibaiari jarraituz, Bertizko Jaurerria Natura Parkera iritsiko gara. Baso atlantikoko 2.000 hektarea baino gehiago dauzka, eta mundu osotik ekarritako landareak biltzen dituen lorategi botanikoa. Nafarroan bisita gehien jasotzen dituen txokoetako bat da jaurerri eder hau. Malerreka inguruetan, berriz, arras ezagunak dira Ituren eta Zubieta udalerriak, aspaldi-aspalditik ospatzen dituzten inauteriengatik. Herri horietan, aise irudika dezakegu nolakoa izan zen Behe Erdi Aroa; aski dugu Donamariako babes-dorreari begiratzea. Baina bakea eta xarma ere arnastuko ditugu; Leurtzako urtegietan, adibidez.

Azkenik, Pirinioen amaierara iritsi aurretik, Bortziriak bisitatu beharko genituzke. Haritzak, gaztainondoak, garo-lekuak eta belardiak ikusiko ditugu bertako paisaian, bai eta baserri eta herrixka batzuk ere, han-hemenka zipriztinduta. Herrixka horien artean, aipa dezagun Etxalar: udazkeneko uso-pasan sarearen bidez ehiza egiteko modu bereziagatik da ezaguna, eta lorategiz eta hilarriz hornitutako kanposantu deigarriagatik ere bai. Merezi du Bera bisitatzea ere; besteak beste, herribildua eta Altzateko auzoa lotzen dituen kaleko etxeak ikusteko, edota Itzea etxea ezagutzeko, Pío Baroja idazle ezagunaren eta haren familiaren bizileku izandakoa.

Igo

Aralar eta Urbasa mendilerroak eta Ultzamako bailara

Sierra de Urbasa

Pirinioetako natura berdea hegoaldera ere hedatzen da, Basaburuko herrietara eta Plazaolako Bide Berdearen aldera. Ibilbide eder horrek Leitzarekin eta Gipuzkoako Andoainekin lotzen ditu Mugiro eta Lekunberri. Lekunberritik, halaber, Aralarko mendilerrora jotzen da. Trikuharriz josita dago Aralar, xendazaleen paradisua, eta kondaira ugariren kokaleku ere bada. Bertan da, bestalde, San Migel in Excelsis santutegia. Mila urtetik gorako historia dauka elizatxo horrek, eta erretaula erromaniko eder bat dago barruan, Erdi Aroan egina.

San Migeleko begiratoki paregabetik, Urbasa-Andia Natura Parkea ikus daiteke: bi goi-lautada karstikoz osatutako mendigune bat da, leizez betea. Lurpeko uren akuifero garrantzitsua dago han, eta ikusgarriak dira, besteak beste, Artetako iturria eta Urederra ibaiaren iturburua.

Ultzamako bailaraederrean, Iruñetik gertu, ezinbestekoa da bertako mami ospetsua dastatzea eta Orgiko basoa ezagutzea. Milaka urteko basoa da Orgikoa, laurogei hektareakoa, eta Nafarroa iparraldeko bailara hezeetan garai batean zeuden hariztien lekuko bakarra da. Oso ibilbide xume eta errazak daude basoan antolatuta; merezi du bertan barneratu eta lasai ibiltzea.

Igo

Ibilbideak

Jarraian, egun bateko zenbait ibilbide proposatzen dizkizugu, inguruotako bakoitzeko udalerri, paisaia, monumentu eta ezaugarri funtsezkoak ezagutzeko:

1.- Erronkari eta Zaraitzu
2.- Irati- Orreaga Aezkoa- Eugi
3.- Bertiz, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi
4.- Aralar, Leitzalarrea eta Malerreka
5.- Urbasa-Andia

Igo