Pirineos de Navarra

PAISAIAK, FLORA ETA FAUNA

Nafarroako Pirinioetan barietate eta dibertsitate natural handia dago, paisaia eder eta harrigarriak eskaintzen dizkiguna. Mendikatea gainbehera doa pixkana-pixkana ekialdetik mendebaldera: Larrako malkar izugarrietatik hasi, Iratiko oihaneko pagadi zabal-zabaletik edo Arbaiungo arroilaren sakontasunetik pasa, eta Pirinio Atlantikoetako belardi berdeetaraino. Mendebaldeko muturrean, Aralarko eta Urbasa-Andia parke naturaleko paisaia karstikoak dira mendikate horren muga naturala.

Horregatik, hain zuzen ere, dibertsitate handiko flora eta fauna bizi dira han, batez ere altueraren eraginaren arabera. Nolanahi ere, erliebe malkartsu horri esker, oso hurbil daude oso desberdinak diren ekosistemak.

Altuera horren arabera, 3 eremu nagusi bereiz daitezke.

Estai basala eta Erdi mailako mendia

Roble milenario en Jaunsarats 1.- Estai basala: beheen dagoen eremua da, eta Pirinioen bi muturretan dago. Ekialdeko hegoaldean izaera mediterraneokoa da, eta artadiak, garrigak, larre lehorrak eta bestelako sasi batzuk egoten dira han. Mendebaldeko muturrean izaera atlantikokoa da, eta hariztiak eta hosto erorkorreko baso mistoak daude haietan.

2.- Erdi mailako mendia: 500 eta 1.700 metro bitarteko altuerakoa da. Bi estaitan banatzen da: mendi magalekoa edo behekoa, submediterraneo izaerakoa, haritzek, ametzek, ezpelek edo beira-zumitz urdinek estalia; eta goikoa edo mendikoa, baso hostoerorkorrek (pagoak, izeiak) eta pinu gorriek osatua.

Bi unitate horien basoetan fauna ugari eta bariatua dago:

Alde batetik, hegaztiak, hala nola zozoak, birigarroak, kaskabeltzak, amilotxak, txantxangorriak, tuntunak, txontak edo eskinoso zalapartaria; eta, bestetik, hegazti harrapariak, hala nola hontz ertaina eta urubia (gauekoak) edota zapelatza, arrano txikia eta miru gorria (egunekoak).

Halaber beste ugaztun ugari ere aurki ditzakegu, adibidez basurdeak, oreinak, orkatzak, azeriak, katagorriak, lepahoriak, katajinetak, untxiak eta erbiak, besteak beste. Eta zuhaitzen azpian, beste apopilo eder bat: basakatua. Ugaztun handienaz, hau da, hartz arreaz, oso noizean behin besterik ez dela agertzen esan behar da.

Basoetan marraskari espezie ugari ere bizi dira, adibidez, desman piriniotarra edo muxar gris edo soro-muxar ikusgarriak, edota ingurune urtarrera primeran egokitu den beste bat, igaraba. Ibai eta uharrei estu lotutako hegaztien artean, martin arrantzale lotsatia eta ur-zozoa ditugu.

Igel gorria eta igel piriniotarra ugari egoten dira aintziretan eta ur hotzeko erreketan, eta eremu horretantxe bizi da, bestalde, berez Pirinioetakoa den beste adibide bat, uhandre piriniotarra. Eta nola ez, amuarrain arrunta ere aurkituko dugu eremu horretako ibai gehienetan, eta ortzadar-amuarraina, goi-mendiko uretan bakarrik.

Narrastien artean, aspis sugegorria nabarmentzen da, Europako sugegorririk arriskutsuena. Klima eta landare mota asko daudenez, tximeleta ugari ere egoten dira.

Igo

Goi mendia

Mesa de los Tres Reyes 3.- Goi mendia: Nafarroako Pirinioetako ipar-ekialdean dago, eta Hiru Erregeen Mahaia da Foru Komunitateko mendirik altuena, 2.444 metrorekin.

Goi-mendia konifero-basoz, goroldioz eta likenez estalita dago, eta, beheko eremuan, mendi-pinua nabarmentzen da. Han, sarrioa bizi da, Pirinioetako ugaztun tipikoena, edo marmota alpetarra, fauna iberikoko marraskari handiena, berriki ekarri dena hara.

Era berean, mikrougaztun ugari bizi dira han; adierazgarrienen artean, lursagu piriniotarra, satitsu alpetarra eta satitsu txikia ditugu. Eta bertako hegaztien artean, belatxinga mokohoriak eta mokogorriak, elur-eperra, elur-txonta, mendi-tuntuna eta harkaitz-txoria. Baina ugatza da denetan ikusgarriena; Pirinioetako horma bertikaletan jartzen ditu habiak, eta belatz erraldoi batenaren antzeko silueta du.

Hegazti harrapariei dagokienez, azpimarratu behar da Pirinioak azken babeslekua izan dela espezie batzuentzat. Labarren inguruan, beste hegazti batzuk ikusiko ditugu, besteak beste belatz handia, arrano dotorea, eta udaberriro Afrikatik datorren beste sarraskijale bat, sai zuria. Baina kolonia handiena sai arreek osatutakoa da, eta erraz ikusten dira Irunberri eta Arbaiungo arroilen gainetik hegan.

Igo