Zer nahi duzu?

Baso magikoak

Nafarroako naturaren bereizgarrietako bat bertako baso-aberastasuna da; izan ere, lurraldearen azaleraren % 64 hartzen dute. Modu egokian ustiatu ditugunez, Espainiako baso helduen ehuneko handiena daukagu Nafarroan. Basoen artean, pagadiak dira nagusi; jarraian, hariztiak, artadiak eta pinu gorriak, eta, horiekin batera, zuhaixka eta belarrezko beste formazio natural batzuk, nekazaritzako laboreak eta berritutako basoak.

Luze joko genuke xehetasunak kontatzen, baina, horren ordez, begira zer proposatzen dizugun: etor zaitezela gure basoak bertatik bertara ezagutzera. Ehun urtetik gorako pago eta haritz ikusgarrien artean ibili ahalko zara, urtaro bakoitzaren xarmaz gozatuz. Errekastoen artean salto eginez, basafruituak biltzen, aire garbia arnasten, bertako forma eta koloreekin liluratzen... Aukera itzazu basoa, bidea eta konpainia, eta ez ezazu ahaztu kamera, une eder horiek jasotzeko.

Jarraian, Nafarroako baso nagusietako batzuk aipatuko dizkizugu, ekialdetik mendebaldera. Hainbat ibilbide topatuko dituzu haietan, luzerari eta irisgarritasunari dagokienez aniztasun handikoak. Zure asmoetara egokitzen dena topatu baietz!

• Iratiko oihana (Orbaitzetatik eta Otsagabiatik sar daiteke bertara): Europako pagadi-izeidi zabalenetakoa da, eta ondoen zainduenetakoa. Irabiako urtegia dago bertan. Hainbat animalia-populazioren gordeleku eta habitata da oihana. Besteak beste, oreinak bizi dira han, udazkeneko marrualdi aztoragarriaren protagonistak; oso une bereziak dira halakoak, baso eder honetan.

• Kintoko basoa: Nafarroako ipar-mendebaldean dago, Eugiko urtegiaren alboan. Pagadi ikusgarri honek iturri eta ibai berezi asko gordetzen ditu bere baso-masan; Arga bera, adibidez. Horrez gain, txoko paregabeak ere baditu; Eugiko arma-fabrikaren aurriak eta Odiako pagadia, esaterako.

• Bertizko Jaurerria Natur Parkea  (Oieregi): Pirinio Atlantikoetan kokatutako baso hostoerorkorra. Ehun urte baino gehiagoko lorategi botaniko paregabea dago bertan, espezie autoktonoz eta exotikoz osatua. Hainbat ibilbide daude parke naturalean, edertasun itzeleko floraz eta faunaz gozatzeko.

• Orgiko hariztia (Lizaso): mila urtetik gorako basoa da, eta Nafarroako harizti hezeen lekuko bakarra. Aisiarako natura eremu izendatu dute. Piknikgune bat dauka, eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat eta itsuentzat egokitutako bide ere bada basoan barna.

•  Leurtzako basoa (Urrotz): Nafarroa atlantikoko baso tipikoa da. Bertan, haritz eta pago artean, aisiarako natura-eremu izendatutako bi mendi-urtegi aurkituko ditugu. Paisaia lasaigarri horretan, hainbat ibilbide topatuko ditugu, dibertsitate sentsoriala duten pertsonentzat egokituta.

• Leitzalarrea (Leitza): nagusiki pagoak eta hariztiak daude bertan, baina badira larre eta iratze-sail asko ere. Tokiko historiaren eta etnografiaren lekuko dira, bestalde, baso-lurretan zehar barreiatuta dauden monumentu megalitikoak eta antzinako burdinolak.

• Urbasa-Andia Natur Parkea: Nafarroako ipar-mendebaldean dago, mendialdearen eta erdialdearen tarteko gune batean. Goi-lautada karstifikatu hau batez ere pagadi hostotsuz eta mendi-larrez josita dago. Hementxe dago Urederra ibaiaren sorburu ederra, mendiaren erraietan sortzen den akuiferoaren irtenbide naturala.