Zer nahi duzu?

Funtsezko Iruñea: Iruñea egun batean

Funtsezko Iruñea: Iruñea egun batean (inforeyno-rutas)Hiria ezagutzeko egun bat baldin baduzu, ezinbesteko guztiak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen dizugu.

Deskargatu hiriko planoa.

Zezen plaza ondotik abiatuko gara, San Fermin jaiak mundu osoan ezagutarazi zituen Nobel saridun Hemingwayren bustoa dagoen lekutik.

Handik alde zaharrean sartuko gara, paseo polit bat egingo dugu Barbazán Apezpikuaren Ingurubidean barrena, hiriko multzo harresituaren zati bat ezagutzeko aukera izango dugu. Monumentu Nazional izendatua izan da eta interesgarrienetako bat eta ongien kontserbatuetako bat da Espainian. Haren historia ezagutzeko, bisita ezazu Iruñeko Gotorlekuen Zentroa.
 
Katedralera bidean eta Redín Baluartearen gainean dago hiriko bazter xarmangarrienetako bat, Zaldi Zuriaren Zokoa, Arga ibaiaren, Arrotxapea eta Txantrea auzoen eta Ingurubidearen irudi ederra eskaintzen digun behatokia. Eguraldi ona denean, oso atsegina da bertan den terrazan zer edo zer hartzea.

XII. eta XVI. mende bitartean eraikitako Andre Mariaren Katedralera iristen gara. Fatxada neoklasikoaren gibelean Europako klaustro gotiko ederrenetako bat gordetzen du. Barruan "Occidens" erakusketari egiten dio leku; New Yorkeko Core77 sariak jaso zituen munduko erakusketa onena izateagatik. Gure historiako etapa desberdinetan barrena ibiliko gara teknologia berriak lagun.

Katedraletik metro gutxi batzuetara dago Nafarroako Museoa; Nafarroako artea eta historia biltzen ditu Historiaurretik gure garaira arte. 

Santo Domingo aldapan gora egingo dugu udaletxeko plazaraino. Bertan, urtero, uztailak 6an, mundu osoan ezagunak diren San Fermin jaiei hasiera emateko etxafuegoa botatzen dute. Udale-ko eraikinak fatxada ederra eta koloretsua du, estilo barrokoa eta neoklasikoa nahasten ditu. Puntu horretatik aurrera San Ferminetako entzierro-ko bidea egin dezakezu Estafeta kalerantz.

Era berean, bisitaldi bat merezi dute ondoko Erdi Aroko San Nikolas eta San Saturnino eliza-gotorlekuek.

Iristen ari da bazkaltzeko ordua, indarberritzea eta gustua ematea eskatzen dizkizu gorputzak. Kontua da leku ezin hobean zaudela , alde zaharrean nonahi baitituzu pintxo goxoak, betiko sukaldaritza eta egile sukaldaritza eskainiko dizkizuten tabernak eta jatetxeak.

Arratsaldez hiriko parke eta lorategi batzuk ezagutzea proposatzen dizugu. Frantses estiloko Taconera parkea aukeratu dezakezu, bertako lubanarroetan oreinak eta paumak ikusi ahal izango dituzu. Edo Media Lunako parke erromantikoa; edo Ziudadelakoa, XVI. mendeko gotorleku militarraren barruan; edo Yamaguchi parke japoniarra, hiriko Planetario-tik hurbil; edo Argaren Ibai Parkea, ibaiaren ibilguari jarraiki hiriko beste ikuspegi bat eskaintzen diguna, benetan ikusgarria udaberrian eta udazkenean.






Eta artea maite baduzu, hirigunetik kanpora dagoen Nafarroako Unibertsitatea Museo-ra hurbil zaitezke. Rafael Moneok diseinatuta, Picasso, Tàpies eta Kandinsky bezalako egileen artelanen bilduma bat du barruan.