Zer nahi duzu?

Donejakue Bidea hirian barrena

Ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zeharkatzen du Frantziako Donejakue Bideak Iruñea, eta beraz, ibilbide tematiko horixe bera aprobetxatu dezakezu hiria ezagutzeko eta, une batez bada ere, erromesarena egiteko.
Deskargatu ibilbidea urdinez duen hiriko planoa.

Arga ibaia Erdi Aroko Magdalena zubiaren bidez gaindituta sartzen da Donejakue bidea hirian. Harresien zati bat zeharkatu eta gora egiten du Iruñeko alde zaharreraino, Frantziako Ateko zubi altxagarria alderik alde igaro eta gero. Katedraletik oso gertu dagoen Navarrería plazara iristen da, eta handik, Mercaderes kalean barrena luzatzen da, San Ferminetako entzierro ezagunek famatutako Estafeta kalea ezkerretara utzirik. Eta Mercaderes kalean aurrera jarraitzen du Udaletxeko plazara iritsi arte. Han, urtero, uztailak 6an, mundu osoan ezagunak diren gure jaiak iragartzeko etxafuegoa botatzen dute. 

Erdi Aroko San Saturnino eliza ezkerretara utzirik, Kondestablearen Jauregiaren albotik igarotzen da bidea, eta Kale Nagusi osoa alderik alde egiten du San Lorentzo elizaraino; bertan dago gure saindu Ferminen irudia. Jarraian Taconera parke erromantikoa inguratzen du Gaztelugibel kalerantz egiteko, Ziudadelako babes barrutia inguratzen duen parke ederrerantz egiteko. Berdegune hori alderik alde zeharkatuta, Fuente de Hierro kaletik igaro eta Nafarroako Unibertsitateraino jaisten da, bertan esaten dio agur hiriari.

2 km aurrerago iristen da hurrengo herrira, Zizur Nagusira

Ezagut itzazu ibilbideko elementu nagusiak:

1. Harresiak: babes multzo interesgarrienetakoa eta ongien kontserbatu direnen artekoa Espainian. Monumentu Nazional izendatuta daude.
2. Katedrala: XII. eta XV. mende bitartean eraikia. Fatxada neoklasikoaren gibelean Europako klaustro gotiko ederrenetako bat du. Katedralaren alboan Zaldi Zuriaren zoko xarmangarria ezagutu behar duzu.
3. Udaletxea: Fatxada eder eta koloretsua du, estilo barrokoa eta neoklasikoa nahasten ditu.
4. San Saturnino edo San Zernin eliza: Iruñeak kontserbatu dituen Erdi Aroko bi eliza-gotorlekuetako bat. San Nikolas da bestea.
5. Kondestablearen Jauregia: XVI. mendeko Iruñeko arkitektura zibilaren erakusgarri bakarra da. Barruan sartu beharra duzu.
6. San Lorentzo: barruan dago Nafarroako patroikide San Ferminen kapera, San Frantzisko Xabierkoarenarekin batean.
7. Taconerako lorategiak: frantses estiloko parkea; bertako lubanarroetan oreinak eta paumak bizi dira elkarrekin. Hiriko parke zaharrena, ederrena eta enblematikoena da.
8. Ziudadela: hiriko birika berdea, jolas, kirol eta kultur ekintzetarako erabilia; soropilek hartutako eremu zabalak daude, tartean baluarteak eta gotorlekuak ageri direla. 
9. Unibertsitate campusa: 400.00tik gora metro koadro ongi zaindutako lorategietan eta Nafarroako Unibertsitate ospetsuarenak diren irakaskuntza guneetan.