Halakoxea da Iruñea

Halakoxea da Iruñea

 

Sarrera: geografia

Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua da Iruñea. Kristo aurreko I. mendean du hasiera bere historiak, antzinako herri baskoi bat zegoen lekuan erromatarrek Pompaelo fundatu zutenean. Itsas mailatik gora 449 metrotan dagoen mesetan dago, eta Arga ibaiaren bi ertzetan zabaltzen da 23 km2-ko azaleran. 200.000 biztanle inguru ditu, klima ozeanikoa da baina Mediterraneoko klimaren eraginarekin, eta beraz, hotzak dira neguak, atseginak udak, egun beroak tartean, eta zoragarriak udazkenak, azarora arte luzatzen diren tenperatura bikainekin.

Bi unibertsitate dauzka hiriak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitate ospetsua, eta handia da lurraldeko osasun eta hezkuntza maila. San Fermin jaiei esker mundu osoan ezaguna, hiri berdea da Iruñea, hiri harresitua, hirigune historiko abegitsua bezain bizia duena, presarik gabeko bisitaldi atsegin batez gozatzeko aukera emango dizuna, nahitaezko geldialdi gastronomikoak baizik etengo ez duen bisitaldiaz gozatzeko aukera aparta.

Nafarroako erdigune geografikoan kokatuta, oso erosoa da eskualdea ezagutzeko. Gainera, hurbil samar dago beste norako turistiko interesgarrietatik: Gasteiztik, Logroñotik eta Donostiako hondartza ederretatik ordu bete eskaseko tartera; ordu bete pasatxora daude Hendaia, Donibane Lohizune eta Biarritz bezalako herri liluragarriak, Frantziako kostaldean; eta ordu eta erdi pasatxora Bilboko Guggenheim eta Zaragoza.

Igo

Historia apur bat

Ponpeio erromatar jeneralak fundatu zuen Iruñea, Pompaelo izena eman zion K.a. 75. urtean. Egun katedrala dagoen tokian eta antzinako herri baskoi bat egokituta zegoen lekuan antolatu zuen bere kanpamendua. Bisigodoen eta musulmanen esku egon zen Iruñea IV. eta IX. mende bitartean.

Erdi Aroan lehenik Iruñeko erresumako hiriburu bihurtu zen Iruñea, eta Nafarroako Erresumako hiriburu gero. 3 hiribildu edo auzo harresitutan banatuta zegoen hiria: Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas. Hiribildu edo burgu batzuetako eta besteetako baskoien eta frankoen arteko ika-mikek etenik ez zutenez, Karlos III.ak, Karlos Nobleak, Batasuneko Pribilegioa sinatu zuen 1423. urtean, eta horri esker udal bakar bihurtu zen Iruñea. Udal berria eratu zuten, hiriarentzako armarria sortu zuten eta barnean gotorleku gehiago eraikitzeko debekua ezarri zuten. Garai hartan oso finkatuta zegoen Donejakue Bideak alderik alde zeharkatzen zuen hiria bere arrastoa agerian utzirik.

1512 eta 1515 bitartean Nafarroa Gaztelara bildu ondoren, espainiar koroaren postu aurreratu bihurtu zen Iruñea Frantziaren aurrean. Sendotu egin zuten hiri gotortuaren irudia, eta Ziudadela eraiki zuten, beste barruti harresitu bat (XVI-XVIII. mendeak).

XVIII. mendean hasi ziren hiria modernizatzen, argia, estoldak, iturri neoklasikoak... baina Napoleonen inbasioak eten zuen prozesu hori. 1915. urtean harresien zati bat suntsitu zuten hiriaren zabalkundeari leku egiteko. Horrekin batean, gure garaiko Iruñeraino garamatzan industria, gizarte eta kultur garapen nabarmena gertatu zen.

Igo

Iruñea monumentala

Nabarmentzekoa da Iruñeko Erdi Aroko barruti harresitua, Espainian ongien kontserbatu direnen artean dago, eta gerra konplexu interesgarrienetako bat da. 5 km dira hormetan, bastioietan, baluarteetan, errebelinetan eta gotorlekuetan, Monumentu Nazional izendatuta daude. Iruñeko Gotorlekuen Zentroan ezagutu ahal izango duzu sakonago haren historia.

Perimetro harresituaren barruan dago, alde zaharrean, arte ondare interesgarri gehiena. Goi aldean dago Santa María katedrala (XII-XV. mendea); fatxada neoklasikoaren gibelean ezkutatzen du Europako klaustro gotiko ederrenetako bat. Barruan "Occidens" erakusketari egiten dio leku, New Yorkeko Core77 sariak jaso zituen munduko erakusketa onena izateagatik. Bertan, teknologia berriak lagun ditugula, bidaia bat egingo dugu gure historiako etapa desberdinetan barrena.

Kaleetan gabiltzala, besteak beste honako hauek topatuko ditugu: Erdi Aroko San Saturnino eta San Nikolas eliza-gotorlekuak eta hainbat jauregi, tartean antzina Nafarroako errege-erreginen jauregi izandako Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Moneok zaharberritutako XIII. mendeko eraikin enblematikoa; Kondestablearen Jauregia, XVI. mendeko Iruñeko arkitektura zibilaren erakusgarri bakarra; eta Nafarroako Jauregia, Diputazioa izenaz ezaguna, Gobernuaren lehendakaritzaren egoitza bera.

Era berean, oso interesgarria da Udaletxea, estilo barroko eta neoklasikokoa. Bertako balkoitik botatzen dute uztailak 6an, urtero, San Fermin jaien hasiera iragartzeko etxafuegoa; bertatik igarotzen da 840 m luze den entzierroaren bidea. Eta Gaztelu plaza da ezin alboratu daitekeen beste gune bat, hiriko bihotza da, eta Hemingwayren arrastoa topa dezakezu Café Iruña bezalako kafetegi mitikoan, Gran Hotel La Perla Hotelean eta Txoko tabernan.

Museoei dagokienez, oparoa da eskaintza hiriburuan: Nafarroako Museoa, Nafarroako historia biltzen duena Historiaurretik gure  garaira arte; Nafarroako Unibertsitateko Museoa, Rafael Moneok diseinatua, Picasso, Tàpies eta Kandinsky bezalako egileen artelanen bilduma bat duena; Planetarioa, proiekzio astronomiko interesgarriez gain aldi baterako erakusketak ere eskaintzen dituena. Altzuzan dago, Iruñetik 8 km-ra, Oteiza Museoa, XX. mendeko eskultura sortzaile handienetakoa izandako Jorge Oteizaren lanak erakusten dituena; eta hiritik 5 km-ra dago Huarte Arte Garaikideko Zentroa, arte plastiko eta ikus-entzunezkoen aldi baterako erakusketak biltzen dituena.

Igo

Berdeguneak

Espainian berdegune gehien dituen hirien artean dago Iruñea. Bost parke liluragarri nabarmenduko ditugu guk: Ziudadela, Taconera, Media Luna, Yamaguchi eta Argako ibai parkea.
Espainiako Berpizkundeko arkitektura militarrean eredu bikainena den Ziudadela-k erakusketak egiteko eta aisialdirako eraikinak biltzen ditu bere baitan.
Taconera-n, Versalles kutsuko parkean, monumentu ospetsuak eta antzinako eskulturak, iturriak eta kafetegi xarmangarri bat topatuko ditugu. Baina bertako lubanarroetan antolatutako zoo txikia da elementurik bitxiena, bertan elkarrekin bizi dira oreinak, ahateak, faisaiak, ahuntzak, beltxargak eta paumak.  
Media Luna da hiriko parke erromantikoa. Víctor Eusa arkitektoak diseinatua, ilbeheraren formakoa da, arrainak dauzkan urmael bat, sekuoia handi bat eta kafetegi bat ditu. Arga ibaia ikusteko behatoki bikaina da. Japoniar estiloko parkea da Yamaguchi, Iruñea ahaidetuta dagoen Japoniako hiriak ematen dio izena. Eta Argaren Ibai Parkea-k, harresiaren oinetan, ibai ibilguaren alboan ibilaldi atsegin bat egiteko aukera emango digu ahateak, piraguak, Erdi Aroko zubiak, zubi modernoak eta gainaldean etxe koloredunak dauzkan barruti harresituak inguraturiko paisaia natural zoragarriak ikusten ditugun bitartean.

Igo

Jaiak

Uztailaren 6tik 14ra arte ospatzen dira hiriko jai nagusiak, mundu osoan ezagunak diren San Fermin jaiak, alegia. Uztailaren 7an egiten zaizkio ohoreak San Frantzisko Xabierkoarekin batean Nafarroako patroikide den San Fermini. Azaroaren 29an ospatzen da Bideko Andre Mariarekin batean Iruñeko patroikide den San Saturnino eguna.

Igo

Gastronomia eta erosketak

Nafarroako usain gozo guztiak maneatzen ditu Iruñeak, Ebro ibai haraneko baratze emankorretako barazkiak eta ortuariak, Mendialdeko eltzekariak, eta Iruñeko Arroko ohiko produktuak, esate baterako, arkume errea, arkume betea eta txistorra, bertako hestebete mota.
Bertako jatetxeetan gustu eta poltsiko orotarako aukerak daude –bada Michelin izarra duen bat–, eta erraz topatzen dira plater tipikoenak. Ezin hiritik alde egin dezakegu alde zaharreko kaleetan barrena ibili eta bertako pintxoak dastatu gabe, goi sukaldaritzako mokadu ezin hobeak baitira.

Erosketei dagokienez, anitzak dira aukerak: alde batetik, artisautza produktuei emandako saltokiak eta betiko azoka daude alde zaharrean, eta bestetik, markako dendak eta multinazionalenak topatuko dituzu Zabalgunean. Oroitzapen gastronomiko bat eraman nahi baduzu oso erraza duzu, Nafarroako betiko produktuak aurkituko baitituzu Iruñean: Sor-marka duten produktuak, esate baterako, Erronkari eta Idiazabal gaztak, Piquillo piperrak, zainzuriak, Nafarroako oliba olioa eta Nafarroako eta Errioxako sor-marka duten ardoak. Eta ez ahantzi lurraldean oso estimatua den likore nagusia, patxarana, eta Layana pastak bezalako gozokiak eta Garrarte etxean artisau erara prestatzen dituzten gozoki ezin gustagarriagoak ere ez.

 

Igo