Zer nahi duzu?

BALUARTE
Biltzar Jauregia

Iruñeko bihotzean, Ziudadelaren eta Nafarroako Parlamentuaren artean, Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa dago; hiriko arkitektura modernoaren adibide garbia da, bai eta Nafarroako kultur eta biltzar arloetako erreferente bat ere.

Patxi Mangado arkitektoaren diseinuari jarraituz, Baluarte eraikin lineala da, altuera handirik gabea. Eraikin ikusgarria da, granito gris ilunez estalia, eta hiru solairu eta L-formako oinplanoa ditu;  Nafarroako hiriburuko kalerik komertzialenetara irekia dago plaza harriztatu handi baten bidez, eta handik oinez joan daiteke hiriko leku eta zerbitzu nagusietara, autoz mugitu behar izan gabe.

Bere atzealdean Ziudadela dago, hots, XVI. mendeko harresi-barrutia, barnean hiriko berdegunerik zabal eta ezagunenetako bat duena. Biltzar Jauregia eraikitzeko lanetan,  Ziudadelako bastioietako baten aztarnak aurkitu zituzten. Ikusgai dituzu erakusketa-geletako batean, bastioi haiek –gaztelaniaz baluarte– eman baitiote izena eraikinari. Hirugarren solairuko beirate zabaletatik, hiriko arnasgune txiki eta txukun horren gaineko panoramika ederra ikus daiteke.

BALUARTEk, azken batean, elkargune ezin hobea eman dio hiriari XXI. mendeko beharrei begira: leku aparta da biltzarrak, azokak eta ekonomia nahiz enpresa munduko beste ekitaldi batzuk egiteko, bai eta nazioartean osperik handiena duten arte-adierazpen eta -taldeak hartzeko ere.

BILKURAK EGITEKO EREMUAK

Areto Nagusia eta Ganbera gela
Auditorietan, artistak aritzen dira gauean, baina, egunean zehar ere, hitzaldiak eta ekitaldi jendetsuak egiten dira. Bi auditorioetan 1.568 eta 444 jarleku daude hurrenez hurren, eta, hortaz, instalazio aproposak dira bilkura handiak egiteko.

Biltzar aretoak
Eraikineko hirugarren solairuan daude biltzar-jarduerak egitekoak diren bi eremuak. Luneta eta Ciudadela aretoak dira, eta 350 pertsona sar daitezke haietako bakoitzean. Nahi izanez gero, eremua banatu eta leku txikiagoak ere sor daitezke bi-bietan, 20 pertsonatik gora hartzeko modukoak.

Hitzaldi aretoak
Agertoki nagusiaren azpian Bulevar aretoa dago, 100 pertsona har ditzakeena. Gola eta Corona aretoetan ere –maldan eginak dira– 100 pertsona sartzen dira bakoitzean.


ERAKUSKETAK EGITEKO EREMUAK

Baluarten, guztira 4.800 m2 daude erakusketak egiteko.

Erakusketa aretoa
Beheko solairuan, 2.000 m2 eskaintzen ditu azokak edo bestelako ekitaldi jendetsuak egiteko. Justu horren gainean dago Mezanina aretoa, 1.000 m2-koa.

Harresiaren aretoa
Ziur aski, eraikineko aretorik bereziena da. Eraikinari izena ematen dion San Anton bastioi zaharraren hondakinak dira areto horren ezaugarri nagusia. Hondeatze-lanetan haren hondakinak aurkitu eta gero, bastioiaren profila mantentzea erabaki zen; horrela, erakusketa-areto bat sortu zen, non historiaren murmurioa eta modernitatearen haizeak elkarrekin bizi diren, oreka perfektuan.