Zer nahi duzu?

Artea pintxo bilakatu zen

Nafarroako pintxoak tradizioaren, kalitatearen eta giro onaren sinonimo dira. Goi-mailako sukaldaritza txikiaren gailurrean daude, balio gastronomikoarengatik ez ezik (balio horrek pintxoak prestatzeko lehengai bikainetan du oinarri), abangoardiako aurkezpen zainduengatik.

GOAZEN PINTXOAK JATERA!

Iruñean egin daitezkeen planik onenetako batpintxoak jatera joatea da. Ohitura tradizional hori kaleetako giroaren bereizgarria da. Gaztelu plaza enblematikoan, Estafeta eta San Nikolas kaleetan eta inguruan iruindarrek “ibilbidea egiten dute” koadrilarekin edo familiartean bazkaldu edo afaldu aurretik. Ibilbidean zehar, pintxoak jan eta ardo on bat edaten dute, eta bakoitzak erronda bat ordaintzen du. Paseatzeko, hitz egiteko eta lagunekin biltzeko aitzakia horri “poteatu”, “pintxoak hartu” edo “txikitoak hartu” deitu ohi dio herriak. Eta zer ordutik aurrera har daitezke? Goizeko 11etatik aurrera eta arratsaldeko 18etatik aurrera.

Ohitura horrek bilakaera izan du denboran zehar. Potearekin batera hartzen ziren pintxo sinple eta zaporetsuetatik, gaur egun ere har daitezkeenetatik, edo piper- eta ganba-frijituetatik edo pernil eta piperrezko ogitartekoetatik igarota gaur eguneko eraketa sofistikatuetara iritsi gara. Azkeneko horiek zaporeak, testurak, koloreak eta tenperaturak nahasten dituzte, eta izen erakargarriekin aurkezten dira, hala nola ukondoa adobo iberikoarekin, trufa-aroma eta mango-chutneya edo jakin-mina eragiten duten izendapenekin, esaterako, Street Food, Derrape edo itsas USB... Establezimendu bakoitzak bere espezialitatea izan ohi du. Hala ere, maiztasunez berritzen dituzte beren barrak, eskaintza handitzeko eta garaiko produktuetara moldatzeko.

Halaber, nabarmendu beharra dago Nafarroaren ezaugarri bat dela lehengaien higienea, kalitatea eta zaporea babestearen aldeko apustua egiten duela. Eta apustu horren parte gisa, pintxoak barran jartzen dira, beira-arasa baten azpian. Bestela, unean une prestatzen dira, eta askotan, oso estetika zaindua dute, pintxoa zein haren euskarria apaintzen duena.


BERRIKUNTZA AITORTZEA

Sukaldaritza-arte hori aitortu eta sustatzeko, Nafarroako Pintxoaren Astea ospatzen da apirilean. Dagoeneko 18 edizio egin dira, eta klasiko saihestezina bihurtu da Foru Erkidegoan zein nazio-mailan. Establezimenduek lehen-mailako produktuak erabiltzen dituzte pintxoak sortzeko, bereziki, lurraldekoak direnak. Adibidez: Erronkariko edo Idiazabal gaztak, Nafarroako ortuaren barazkiak, trufak, perretxikoak, foie, arrainak eta tokiko haragiak.

Halaber, beste hitzordu bat dugu udazkenean: Kazolatxoaren eta ardoaren astea. Aste horretan, lapikoko aperitibo zaporetsu txikiak eskaintzen dira. Buztinezko kazolatan ematen dira eta prezio unitarioa dute. Aperitibo horiek Nafarroako sukaldaritzako platerik tradizionalenak berrinterpretatzen dituzte, esaterako, ajoarrieroa, bildotsa edo txerrikumea; eta laguntzeko, Nafarroako jatorri-deiturako ardoak edaten dira.

Ekitaldi biek Iruñeako establezimenduen proposamenak jasotzen dituzte nagusiki, baina urtero barrako pintxoen alde apustu egiten duten Nafarroako beste herri batzuek bat egiten dute.

Badago proposamen berri bat iruindarren osteguneko gauak animatu duena: Juevintxo. Ekimen horrek, pintxo sinpleak dastatzeko aukera ematen du alde zaharreko zenbait establezimendutan, kalitatezko ardoarekin, garagardoarekin edo aukerazko freskagarri batekin lagunduta.