Zer nahi duzu?

Nafarroako eta Errioxako JDko ardoak

Nekazal produktu baten kalitatea eta ezaugarriak nabarmentzeko adierazle geografiko mota bat da sor-marka, baita produktu hori eremu geografiko zehatz batean ekoiztu eta landu delako adierazgarria ere. Nafarroan ardoa da haietako bat, eta Errioxatik hurbil dagoenez, bi sor-marka ditu: Nafarroako sor-marka duten ardoak eta Errioxako sor-marka dutenak.

NAFARROAKO SOR-MARKA DUTEN ARDOAK

Sor-marka Arautzeko Kontseiluak kudeatzen du sor-markaren izendapena, ekoizleak eta saltzaileak daude ordezkatuta aipatu kontseiluan.

Klima, paisaia... eta ardo aniztasuna

Nafarroako sor-marka zehazten duten ezaugarri garrantzitsuenetako bat da lurraldearen iparraldeko eta hegoaldeko muturrak bereizten dituen 150 km inguruko tarte horretan gertatzen den paisaia eta klima anitza. Izan ere, egoera guztiz berezia gertatzen da Nafarroan, egoera bakarra Iberiar Penintsulan: Nafarroara biltzen dira klima atlantikoa, kontinentala eta mediterraneoa. Kantauri itsasoaren hurbiltasunak, Pirinioen eragina eta Ebro ibai haranaren eragin onuragarriak ahalbidetzen dute klimatologia oparo hori.
 
Zirkunstantzia horrek erabat baldintzatzen du Nafarroako paisaia, eta sor-markak biltzen dituen 11.000tik gora hektarea era guztietako ekosistemetan eta laborantzari emandako lurretan egokitzen dira: mendi mazeletan, erriberetan, mesetetan eta lautadetan. Kokaleku horietan 5 ekoizpen eremu bereizten dira: Behe Mendialdea, Izarbeibar, Estellerria, Erriberagoitia eta Erriberabeitia.

Honenbestez, aukera sorta zabalean, zure gustuko ardo mota aurkitu ahal izango duzu Nafarroan: ardo gorri ospetsuak eta ardo beltz goxoak, chardonnay mahats motarekin egindako ardo zuri bikainak eta ondutako eta erreserbako ardo beltz apartak, moskatel mahats motarekin egindako ardo zuri gozoak ahantzi gabe.


5 EKOIZPEN EREMU

Behe Mendialdea
Nafarroako ekialdean dago, Aragoiko komunitatearekin muga eginez. Malkartsua da geografia alde honetan, oparoa da basoberako landaredia, eta mahastiak dira nagusi landu daitezkeen lur eremu urrietan. Garnatxa mahats mota da alde honetan lantzen den barietate nagusia, ondotik dator Tempranillo mota, mahats beltzak baizik ez.

Izarbeibar
Erdi Nafarroan dago sor-marka hau, Iruñeko Arroaren hegoaldean, eta Donejakue Bideko gune nagusia da Nafarroako lurraldean, bertan egiten baitute bat Nafarroa Beheretik eta Aragoitik iristen diren bi bideek. Mendebaldean Andimendiko inguruak dituela eta iparraldean Erreniega, Arga ibaiaren inguruan zabaltzen da zati handi  batean, muino leunak eta haranak dira nagusi. Tempranillo, Garnatxa, Cabernet eta Merlot mahats motak lantzen dira ardo beltza egiteko. Gainera, Chardonnay eta Malvasia mahats motak ere lantzen dira, hein txikiagoan baina.


Estellerria
Nafarroako mendebaldeko zerrendan kokatua, Donejakue Bidearen luzeran, Euskal Herriaren eta Errioxaren arteko muga egiten du. Alderik alde zeharkatzen du Ega ibaiak, Urbasako mendikateak mugatuta dago, erliebe nabarmena du iparraldean, baina leundu egiten da hegoalderantz olibondoei eta labore lurrei ere leku egiteko. Alde honetan lantzen diren mahats motei dagokienez, Tempranillo da nagusi, ondoren dator Cabernet Sauvignon mota, eta mahats zurien artean, aipagarria da Chardonnay mahats motaren presentzia.

Erriberagoitia
Nafarroa erdiko zerrendan dago alde hau, lurraldearen hegoalderanzko trantsizio eremuan, Erriberri ingurua ardogintza gune garrantzitsua delarik.
Iparraldean eta Ega ibaiaren inguruan leuna da erliebea, hegoalderantz egin ahala gero eta lauagoa; hegoaldean mahastiak eta laboreei emandako lurrak tartekatzen dira.
Nagusi da Tempranillo mahats mota, baina ongi ordezkatuta daude gainerako mahats beltzak, batik bat Graciano mota. Zurien artean, Chardonnay mota da oparoena, inon baino gehiago da Nafarroan, baina ez da gutxiestekoa Moskatel motaren presentzia.



Erriberabeitia
Nafarroako hegoaldean dago, Ebro ibaiaren haranean, Aragoi eta Errioxa artean. Hiriburua, Tutera. Lautada zabala da, oso laua, landaredia urri, Moncayo Mendi handia nabarmen. Eremu egokienetan ugari dira baratzeak. Mahats beltzen artean, Tempranillo mota da nagusi, ondotik du Garnacha. Mahats zurien artean, bertan daude Nafarroako Viura eta Moskatel mahats moten kontzentrazio handiena.
 



ERRIOXAKO SOR-MARKA DUTEN ARDOAK

Errioxako Sor-markara biltzen diren lurren eta klimaren aniztasuna kontuan harturik, 3 azpieremutan banatzen da ardogintzari emandako eskualde hau: Goi Errioxan, Arabako Errioxan eta Behe Errioxan, eta 3 Autonomia Erkidego hartzen dituzte horiek: Errioxa, Euskadi eta Nafarroa.

Behe Errioxa azpieremuan dago Nafarroa, Ebro ibaiaren bazterrean, guztira 6.220 hektarea hartzen ditu. Bertan ardo beltzen, zurien eta gorrien artean aukeratu daiteke. Ardoa egiteko prozesu osoan zaintzen duten tradizioari eta zorroztasunari esker ongi merezitako aintzatespena dute nazioartean ardo hauek.


Ardoen sor-marka bi horiez gain, babestuta dauden hainbat sor-markatara biltzen diren beste hamahiru elikagai dauzka Nafarroak. Kontsulta itzazu hemen.