Zer nahi duzu?

Autore-sukaldaritza

Tradizioa eta abangoardia, bat eginda

Nafarroako produktuei dagokienez, aniztasun eta aberastasun handia topatuko dituzu. Produktu horietako asko jatorriz bertakoak dira, gainera. Horiei esker, kalitate handikoa da Nafarroako sukaldaritza tradizionala, eta belaunaldiz belaunaldi pasatu da jakintza. Bertako lehengaien oparotasunari ahalik eta distira handiena ateratzeko asmoz, sukaldariek birmoldatu egin dituzte errezeta tradizional asko, eta, hala, gourmet askok Nafarroan daukate begia jarrita.

Prestigio handiko chef batzuk, Nafarroako sukaldaritzaren nortasunarekiko errespetua zainduz, metodo berri eta berritzaileak jorratzen dabiltza, eta, eginahal horren emaitza gisa, sormen handiko platerak eskaintzen dituzte beren jatetxeetan, ikuskizun bikain direnak ikusmenerako eta dastamenerako.

Gastronomia fresko eta osasungarri horri esker, tradizioan oinarrituz abangoardiari eta berrikuntzari emanik bidea, hiru nafar sukaldarik lortu dute Frantziako Michelin gidak munduko jatetxerik onenei ematen dien Michelin izar desiratua. Zehazki, hiru hauek diren halako ohorearen jabe: Koldo Rodero, Iruñeko Rodero jatetxekoa; Pilar Idoate, hiri horretantxe dagoen Europa jatetxekoa; eta David Yárnoz, El Molino de Urdániz jatetxekoa.

MICHELIN IZARRA DAUKATEN HIRU SUKALDARIAK 

Rodero, kalitatea eta tradizioa
Rodero jatetxeak 40 urtetik gorako eskarmentua du. Familia-enpresa bat da eta aitorpen handia lortu du, kalitateko produktu tradizionaletan oinarritutako sormenezko sukaldaritza egiten baitu. Koldo Rodero du bere sukaldaritzaren adierazgarri onena; Roderok geneetan darama sukaldearen esentzia. Esan daiteke autodidakta dela eta aitarekin hartu zuela oinarria; izan ere, oso sukaldari berritzailea zen bere garairako. Azkar ikasi zuen, eta laster hartu behar izan zuen jatetxeko sukaldearen ardura. Erabateko iraultza ekarri zuen, zapore berriak eta abangoardiako proposamen irudimentsuak sortuz; hain zuzen, horiexek aurkezten dizkigu gaur egun, haren bi alabek, Gorettik eta Verónicak, jankideei eskaintzen dieten arreta finarekin biribilduta.



Europa, sasoiko sukaldaritza
Iruñearen bihotzean dago Europa jatetxe famatua, Estafeta kalearen eta Gazteluko plazaren ondoan. Sukaldaritza garaikidea eskaintzen du, errezeta tradizionaletan eta sasoiko produktuetan oinarrituta.  Pilar Idoate sukaldariaren eskutik, eta Arkaitz Muguruzarekin batera, sasoian sasoiko lehengai hoberenak erabiltzen ditu bere proposamenak lantzeko. Beraz, neguan, Tuterako orburuak, borrajak, eskarolak eta perretxikoak dituzten platerak dasta ditzakegu, eta udaberrian, aldiz, zainzuri samurrak eta Zangozako potxa bikainak dituztenak.

El Molino de Urdániz, diseinua eta prestigioa
Iruñetik 15 kilometrora, Orreagarako bidean, El Molino de Urdániz jatetxea dago. Birmoldatutako landetxe bat da, eta oraindik ere ez du errota zaharraren kutsua galdu. Duela gutxi zabaldu bazuten ere, ospe handia hartu du jatetxeak, Daviz Yárnoz gaztearen apustu berritzaileei esker. Sukaldari prestigiotsuenen sukaldeetan ere ezagutzen dute chef gaztea, horietan ikasia baita. Orain bere kabuz dabil, sukaldaritza berria, adierazgarria eta bere-berea landuz, eta lehengaien kalitatea, sormena eta diseinua ondo zainduz. Dastatzeko menu onenetakoa eskaintzen du, gaur egungo merkatuko produktuen inguruan ardaztua.



RESTAURANTES DEL REYNO ELKARTEA

Goi-sukaldaritzarekiko lilura horrekin lotuta, nabarmentzekoa da hamar nafar sukaldari ospetsuk osatutako Restaurantes del Reyno elkartea. Tokiko produktua mimatzen dute, testurak nabarmenduz, sasoiak errespetatuz, estetika eta itxura ona alde batera utzi gabe, eta jankideari sukaldaritzako esperientzia paregabea eskainiz.

Aipatutako hiru Michelin izardun jatetxeez gain, beste hauek ere baditu kide aipaturiko elkarteak: Alex Múgicaren Alhambra, Enekorri eta La Cocina (Iruñea); Túbal (Tafalla); Beti Jai (Agoitz); Treinta y Tres (Tutera) eta Castillo de Gorraiz (Gorraitz).