Zer nahi duzu?

Erretegiak eta sagardotegiak

Sutondoko tradizioa

Txingarretan erretako txuletoi eder bat jatea ikaragarri atsegin dute nafarrek. Suak igurztean sortzen duen zapore ketua izango da agian, edo kolore gorri bizia, edo haragiaren zaporea; kontua da erretegi edo sagardotegi batean sartu orduko, lanean hasten zaizkigula urdaileko urinak. Izan ere, a zer nolako lekuak diren erretegi zein sagardotegiak, txingarretan erretako haragia jateko. Bikainak! Inguruak ere laguntzen du; izan ere, harrizko etxe apainetan egoten dira maiz, giro atseginean, jantokian sua piztuta dagoela.

Errotutako tradizioen lurraldea da Nafarroa, eta abeltzaintza-ohitura ugari mantentzen ditu oraindik ere. Horiei esker dauzkagu Nafarroan halako kalitateko haragiak, jatorri-deiturako ekoizpen integratuko zigilu eta guzti. Pentsu naturalez elikatutako animaliak modu tradizionalean haztean, zapore bikaina bermatuta izaten dute txingarretan erretako haragien zale amorratuek.

SAGARDOTEGIAK
Nafarroa iparraldean, aspaldikoa da sagardo-tradizioa; mila urtetik gorakoa bai. Mahaiaren inguruan bilduta, lurraldeko jaki gozoak dastatzeko asmoz elkartzen dira nafarrak. Eta, aldian behin, jankideetako bat, mahaitik zutitu, eta kupelera hurbilduko da, sagardo preziatua hartzera. Nola egiten den hori? Oso erraza da: edalontzia bi hatz bete, eta, presarik gabe baina zurrupada batean edan behar da sagardoa, bertuterik gal ez dezan.

Urtero-urtero, urtarrilean ematen zaio hasiera sagardo-sasoiari, «hau da gure sagardo berria» oihukatuz. Horretarako, kupelak ireki, eta txotx egiten da; hau da, kupelari txotxa kendu, eta bertan direnek banaka-banaka lehen sagardoa edan. Txotxaren ospakizuna Nafarroako bost sagardotegitan egiten da; aldi bakoitzean, bost horietatik batean. Lekarozen, Lesakan, Berueten, Aldatzen eta Lekunberrin daude, zehazki. Berezitasun bat daukate horiek guztiek: modu tradizionalean egiten dutela sagardoa. Hortaz, nekazariek sagarrondoak dauzkate, beren sagarrekin egiten dute sagardoa, eta sagardotegian bertan eskaintzen dute edaria, jendeak dasta dezan; gainerakoa, berriz, botilaratu egiten dute, saltzeko.

Bestalde, urrian, kirikoketa ospatzen da Arizkunen. Aspaldiko musika-tresna baten soinu erritmikotik datorkio ospakizunari izen polit hori: gure arbasoek, neguko hartzidura eta gero, sagarrak moztu eta prentsatu ondoren jotzen zuten instrumentu hori.

Gaur egun, sagardotegi sorta zabala dago lurralde osoan zehar. Guztietan topatuko duzu menu klasikoa: sagardotan egindako txorizoa, bakailao-tortilla, bakailao-zatiak piper berdeekin, txuletoi desiratua, eta, postrerako, gazta intxaurrekin eta irasagar-gozoarekin. Eta nahi adina sagardo, jakina. Zenbat eta zenbat lagun eta adiskide egiten ote dira, bestalde, kupelaren inguruan. Nafar gutxik egiten diote uko halako esperientziari; gero eta ospe handiagoa lortzen ari da, gainera, gure mugetatik kanpo ere.

Sartu Nafarroako sagardotegien zerrendan.


ETA ERRETEGIAK
Nafarroak eskaintzen dituen aukera gastronomikoen artean arrakasta handikoa den beste bat erretegi batean jatea da. Halakoetan, txingarretan erretako haragiaz gain (txuletoia, azpizuna, Nafarroako jatorri-deitura duen ardotan marinatutako arkume saiheskiak edo txerrikumea), inguruko arrain-merkatuetatik zuzenean ekarritako arrainak ere eskaintzen dizkigute kartan. Arranparrilan egindako legatz, zapo, bisigu eta erreboilo goxo askoak ere dasta ditzakegu. Postreei dagokienez, beti izaten dira aukeran mamia, esne frijitua eta gazta-tarta.

Sartu Nafarroako erretegien zerrendan.