Zer nahi duzu?

Frantziako adarreko 4. Etapa: Iruñatik Garesera (23,5 km).

Frantziako adarreko 4. Etapa: Iruñatik Garesera (23,5 km).

Iruñeko Magdalenako zubi ederretik –Arga ibaia zeharkatzen du–, bideak bi errepide gurutzatzen ditu jarraian eta oinezkoendako bidean gora egiten du, harresien artean, Frantziako portaleraino. Portale hori garai bateko sarbidea zen harresiz inguratutako hirira sartzeko. Hemendik Iruñeko karriketan barna dabil: Carmen, Navarrería, Mercaderes, Udaletxe plaza, San Saturnino, Kale Nagusia, Errekoleten plaza, Basotxo kalea, Pío XII.aren etorbidea, Gaztelugibel kalea, Fuente del Hierro kalea eta Unibertsitate Campusa; hemen Azellako zubia dago, Sadar ibaiaren gainean. Zubi hau gurutzatuta, Elorz ibaikoa eta Mendebaleko ingurabidekoa ere gurutzatzen ditu, betiere zolatutako bidetik, Zizur Txikiko errepidearen paraleloan.

Bideak Zizur Txikia errepidetik gainditzen du eta pilotalekuaren ondoan kale batetik desbideratzen da, herriaren bukaeraraino. Lurrezko pista batetik, labore soroen artean, Zizur auzoberrira jaitsiko gara. Bertako azken txaletak inguratu eta, berriz ere, errepide bati jarraituko diogu.  Laster horretatik lekutzen da lurrezko bide batetik. Aurrerago, berriz ere, errepide bera gurutzatuko du bide horrek. Hemendik aurrera, ongi sendotutako pista batek multzo landuen artean egiten du gora. Galar herria ikusten ahal da gure ezkerraldean. Paisaian nagusi dira eremu zabal-zabalak, Iruñerriko labore soro emankorrak. Hondoan, mendian, Erreniegako parke eolikoko haize errotek bidea markatzen dute.

Moreako gaina igaroko dugu lar zabalen artean emeki behera doan pista zainduan barrena. Muino batera hurbiltzean pista bukatu egiten da eta lurrezko bide batetik jarraituko dugu. Erreka-zuloak iragartzen dituzten makaldiek eta landaresiek paisaiaren monotonia urratzen dute. Landarediak itzala emandako bideak eta hurbileko erreka batek mendialdean emandako etapak ekartzen dizkigu gogora. Zubi txiki bat igarota pista bat dago, Gendulaingo baserritik hurbil. Bertako hondakin izugarriek, bistan da, garai hobeak ezagutu zituzten. Hemendik igoera etengabea da Zarikiegi herriraino. Herri hori Erreniegako iparraldeko mendi hegalean dago eta aise bereizten da, nabarmentzen den auzoberriarengatik.

Zarikiegitik pista batetik aterako gara. Bide lauan zehar, amildegi bateraino iristen da, Hor, pista alde batera utzi eta bide zaharretik jarraitzen du erdiko mendi magalean gora. Bidea landutako lurrak inguratzen dituen bidexka meharra bilakatzen da. Hondatuta dauden bordak dituen belardi batera iritsiko gara. Mendian behera, Erreniegako tunelaren hegoaldeko ahoak autobia irensten du; geure buruen gainetik parke eolikoko aerosorgailuen hegalak bira eta bira ari dira. Harrian landutako bidea gailurrera doa, han haizeak biziki jotzen dio erromesari egindako monumentu ederrari. Bertatik Iruñerriko ikuspegi bikaina dago.

Erreniegako errepidea gurutzatuta bidea mendiaren hegoaldeko magaletik jaisten da, bide zabal eta harritsu batetik behera. Beste isurialdera iraganik, bestelako klima giroan sartzen gara. Landaredi mediterranearra nabarmentzen da, eta arteak eta abaritzak dira nagusi. Landutako lurren mugara iritsita, bidea nekazaritzako bide bilakatu da eta soro eta lur-zerrenden artean doa. Paisaia-kalitate handiko parajea dugu hau. Uterga herritik hurbil, bideak Erreniegako erreka gurutzatzen du zubi txiki batetik eta herrira doan pista zabal batetik jarraitzen du. Uterga errepidetik zeharkatzen du eta, herrigunetik atera baino lehen, desbideratu egiten da, Adios herrira doan pista hartuta. Horretatik amildegi bateraino iristen da, eta hor utzi egiten du pista hori. Gero, lurrezko bidea hartu, soro bat inguratu eta Oianburua izeneko gainera igotzen da.

Labore soro, almendrondo eta lehenbiziko mahastietan barrena, bide batek goi-lautadan zehar eramanen gaitu Muruzabal herriraino.  Muruzabal errepideari jarraituta igaroko dugu. Herritik ateratzean errepidea utzi eta bide batetik jaitsiko gara. Errepide bat lurpeko pasabide batetik gurutzatua Obanos herrira igotzen da bidea, nekazaritzako pista batetik. Bideak Obanos herria zeharkatzen du ongi zaindutako herrigunean barna. Azkeneko etxeak atzean utzita, bide batetik jaisten da eta Arrizabalaga - Gares errepidea gurutzatzen du. Hemendik, bidexka batek Robo ibaiaren ertzeko baratzeak inguratzen ditu eta ostalaritza establezimendu batzuetaraino iristen da. Oinezkoendako bidetik Gareseko herrigunean sartuko gara. Erreparatzaileen komentuaren ondoan gurekin bat egiten du Jakatik datorren Aragoiko bideak.

Zer egin eta zer ikusi etapa bukatu ondoren?

  • Bisita eta dastaketa Sarría upategietan. Gares inguruan. Urrun samar dago, eguna bukatu ondoren oinez joateko. Iván taxia: 618133562; Castellanos taxia: 610698817
  • Eunateko Andre Maria eliza bisitatu. Tenplarioen txokoa? (5 kilometrora) Iván taxia: 618133562; Mari Carmen taxia 680 87 22 00. Joan-etorriaren prezioa, 15 minutuko egonaldia barne: 12€
  • Bisita Garesen: Gurutzearen elizak, Santiago eliza, zubi erromanikoa. Udan, San Pedro eliza ere irekita egoten da. Bisita gidatuak egiteko, kontsulta egin turismo bulegoan (948 34 13 01).
  • Ardoak dastatzea “El Rincón de Baco” ardotegian, Garesko Kale Nagusian (948 341 186). Wi-fia ere badago.
  • Igerilekuetan bainatzea (ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte irekita).
  • Erromesaren bedeinkazioa: Gurutzearen eliza (uztailaren 11tik abuztuaren 31ra): adorazioa, oinen garbiketa eta erromesen bedeinkazioa 18:45ean. Meza, igandeetan 11:00etan. Santiago elizan, mezak 10:00etan eta 19:30ean. Igande eta jaiegunetan 12:00etan eta 19:30ean.

Interes xehetasun gehiago

  • Informazioa lortzeko: Garesko turismo bulegoan (948 34 13 01)
  • Kredentzialean zigilua jartzeko: erromesen aterpeetan/ turismo bulegoan, udaletxean
  • Saltoki ibiltaria Erreniagako gainean (azaroa arte): erromesek aukera izanen dute zuku, kafe edo freskagarri bat edateko, baita bokata bat janez indarrak berritzeko ere.

<< Itzuli