Zer nahi duzu?

Frantziako adarreko 1. Etapa: Donibane Garazitik Orreagara (21 km.)

Frantziako adarreko 1. Etapa: Donibane Garazitik Orreagara (21 km.)

Donibane Garazi Frantziako herri ederra da, Izuratik hurbil dagoena. Puntu horretan bat egiten dute Frantziatik igarotzen diren hiru Donejakue bideek: Toursetik, Le Puy-en-Velay hiritik eta Limogesetik datozen horiek.

Etapa hau egiteko, bi aukera daude:

  1. Alternatiba bat da –bereziki gomendagarria eguraldia kaskartzen bada– Donibane Garazitik ateratzea Luzaidera doan errepidetik jarraituta.

    Mugan dauden benta batzuen ondotik igarotzen da, betiere Luzaide ibaiaren ezkerraldeko ertzetik. Pista mehar batetik Arnegin garai batean zegoen aduanako aparkalekura iristen da. Toki horretatik errepidera atera gaitezke (NA-135) eta ibarrean gora ibili Luzaideraino, edo bestela pilotalekuaren hormaren aurretik doan bide seinaleztatua har dezakegu, Ondarla izeneko auzora eramaten gaituena. Hilerria igarota asfaltozko bide batetik jarraitzen da. Horrek ibaia zeharkatzen duen zubi bateraino eramaten gaitu, bai eta Luzaideko araztegiraino eraman ere. Herria igarota bide bakarra dago eta NA-135 errepidetik jarraitzen du.

    Gainekoleta jartzen duen bidegurutzean harako bidea hartu eta auzo horretara iritsiko gara errepide txiki bati jarraikiz.Gainekoletara doan errepide estuko bidegurutzean, bideak alde batera egiten du, eta Luzaideraino jaisten da. Etxeen artean, Luzaide ibaiaren gaineko zubia gurutzatu eta bideak erdiko mendi hegalean gora egiten du, ibaiari paraleloki jarraituta. Ibarra itxi-itxia da eta aldapa pikoak eta erreka garbiak eta lasterrak ditu. Gaztainadiak, urkidiak eta hurriztiak daude bertan.  Erreka bat gainditu eta gero, bideak ibaiaren beste ertzera egiten du zurezko zubi batean zehar eta errepidera igotzen da. Errepidea ez dugu utziko harik eta Zabaletako bidearen hasiera aurkitu arte. Errepidea alde batera uzten du eta pista batetik jarraitzen du. Pistak Asundegi errekaren ezkerreko ertzetik gainditzen du ibarra, Zabaleta baserriko soroak inguratzeko. Belar-soroak atzean utzita, berriz ere oihanean sartu eta hantxe etaparen maldarik latzenak aurkituko ditugu. Bideak linea elektrikoari jarraitu eta errepidera ateratzen da Guardien Etxolaren parean.

    Metro gutxi batzuk asfaltoan egin eta berriz ere pagadian sartuko gara bide eder batetik. Horrek, modu suabeago batean, Ibañetako gaineraino eramanen gaitu. Hemendik, Oteziloko sakangunetik ibilita, Orreagaraino jaitsiko gara.

  2. Beste bide alternatiboa, arras gogorra, “Napoleonen bidea” izenekoa da, eta bide guzti-guztia mendian barna egiten da. Donibane Garazi Espainiako karrikatik uzten du karrika hori herriaren erdian dago eta merkataritza gunea da– eta harresia atzean uzten du izen bereko atetik.

    Igoera handi baten ondoren Honto auzo txikiraino iritsiko gara. Toki horretatik aitzinera, aldapa are pikoagoa da eta paisaia zabaltzen hasten da. Sekulako mendi bizkar eta gorabeherak daude landaredi alpinoz jantzita. Bentarteako lepoa zeharkatu eta gero, erromesa Espainiako lurraldean sartuko da. Lepoederko gainetik, Orreagako ibarra ikus daiteke jada.

    Ibañetako gainetik Orreagako bataila gertatu zen eszenatokian zehar jaitsiko gara. Bataila hori Erdi Aroko "La Chançon de Roland” poema frantsesean dago bildurik eta paraje hori igarota historia handiko herri horretara iritsiko gara. Hor bukatzen da etapa. Urteko hilabete hotzetan izugarri gogorra da etapa hori, eta horregatik, azaroaren 1etik martxoaren 31 arte Luzaidetik doan bidetik joan behar da derrigorrez.

Bizikletaz doazen erromesak

Ibilbidea errepidean barna egitea hautatu baduzu, Donibane Garazitik Iruñera eramanen zaitu N-135 errepideak. Bideari jarraitu nahiago baduzu, etapa horretan gune zaila aurkituko duzu Bentarteako jaitsieran. Bi aukera proposatzen dituzte seinaleek. Luzeena hartzeko eta kontu handiz ibiltzeko gomendatzen da, Ibañetako gainera heltzeko.

etapa 1

Zer egin eta zer ikusi etapa bukatu ondoren?

  • Bisita gidatua monumentu multzoan (45-50 minutu)
  • Kolegiatan erromesak bedeinkatzea (astelehenetik ostiraletara, 20:00etan; asteburuetan, 18:00etan, udan izan ezik, 19:00etan)
  • Bisita Roncesvalles - Orreaga gaztandegian (aurretik deitu behar da 948760115 telefonora, astelehenetik ostiralera).
  • Auritz/Burguete bisitatzea; bertako multzoa interes kulturaleko ondasun izendatuta dago, XVIII. eta XIX. mendeetako etxe ederrak izanik, eta hilerria Espainiako onena izan zen 2014an Adiós cultural aldizkari espezializatuaren arabera. Nafarroako Pirinioetara arrantzan aritzera eta erlaxatzera etorritako egonaldietan Ernest Hemingwayk ostatu hartzen zuen hotela ezagutzea (Burguete hostala).
  • Donibane Garazitik Ibañetatik iragan gabe Napoleonen bidea egin duten erromesentzat, gain horretara igotzea (15-20 minutu Orreagatik); bertan San Salbatore kapera dago Orreagan garai batean erromesentzako lehen ospitalea zegoen tokian, eta Errolanen monumentutik Luzaideko erroitzera zabaltzen den ikuspegiaz gozatzea (zonaldea IKO eremu izendatuta dago, eta baliteke 778ko bataila ospetsua bertan gertatu izana).
  • Bidea Luzaidetik eta/edo Ibañetatik barna egin dutenentzat, Basajaunberro basoa ezagutzea; basoak euskal mitologiako pertsonaia hori ekartzen duen gogora (Nafarroako Sorginen Bidean sartuta dago), eta zuhaitz paregabeak ikusten ahal dira herritik egiten ahal den ibilbide erraz horretan.
  • Informazioa lortzeko: Orreagako turismo bulegoan
  • Kredentzialean zigilua jartzeko: Erromesaren bulegoan (948760000). Egunero, 10:00etatik 14:00era eta 16:00etatik 19:30era. Larunbat eta igandeetan 18:30 arte. Roncesvalles hotelean-Benefiziodunen Etxean, Casa Sabinan eta Ostatuan bere zigilua dute, baina erromesaren bulegoan soilik eskuratzen ahal da Kolegiataren zigilu ofiziala.

<< Itzuli