Zer nahi duzu?

Frantziako adarreko 3. Etapa: Zubiritik Iruñera (20 km).

Frantziako adarreko 3. Etapa: Zubiritik Iruñera (20 km).

Zubiri herrian sartu gabe, bidea Erdi Aroko zubitik abiatzen da porlanezko pista batetik, hilerri aldera. Hemen behera doan bide bat hartu behar da, hesien artean doana; horrek, Ibesiko erreka gainditu, eta gora egiten du aldapa harritsu batetik hasieran, eta bidexka batetik gero. Idoietako errekara igarota, sakangune bat zeharkatu behar da, pasabide japoniarra eta baranda dituena. 200 metro aurrerago, Osterizko errepidearekin bat egin, eta aurrera jarraitzen du 500 metroan. Orduan, Magna enpresako industria instalazioak zeharkatzen dituen bide bat hartzen du. Horren ondoren berriz ere bidexka hartuko dugu, harritsua oraingoan, eta horri jarraituta Ilarratz herri txikiraino igoko gara.

Ilarratz herritik asfaltozko errepidetik jarraituko dugu Ezkirotz herriraino, Santa Luzia eta ondoan duen hilerri txikia iraganik. Ezkirotzen, iturri baten ondoan, haritz handien artean doan bidexka batek abeltzaintzako habearte batzuetaraino eramanen gaitu. Han, bidexka pista bilakatzen da. Tarte labur baten ondoren, Setoaingo errepidea gurutzatuko dugu bidexka bat hartzeko. Hori, hasieran belardi zabalez eta gero landaresiz inguratuta dago, eta Larrasoañako Erdi Aroko zubiraino eramanen gaitu.

Zubitik abiatuta, betiere Arga ibaiaren ezkerraldeko bazterretik, errepide batek, gorako bidean, Akerreta herriraino eramanen gaitu. Herrian landaresiz apaindutako bidexka hartuko dugu, eta horri jarraituta herrira doan beste errepide bat gurutzatuko dugu. Bidea pinu gorriz osatutako pinudian sartzen da. Gero behera egiten du trenbideko trebesa zaharrez eginiko tarte batetik, Arga ibaiaren bazterreraino. Bidea, meharra baina atsegina, Zuriain herriraino doa. Hara iritsiko gara, ibaia zubi batetik igarota.

Herria gurutzatu eta errepide nagusira aterako gara. Errepideko bazterretik, erne eta adi, Ilurdozko bidegurutzeraino iritsiko gara. Bide hori hartu behar da. Arga ibaiaren gaineko zubia igarotakoan, txalet artean dagoen pista batek harrobi zahar baten hondakinetaraino eramanen gaitu. Honetatik, erdiko magaletik doan bidea ?ibaiaren gaineko ikuspegi ederra dago bertatik?, Irotz herriraino iristen da. Bideak jarraitzen du ibaira jaisten den porlanezko pistatik, zubi batetik gurutzatzen du, eta Iruñerriko Ibai Parkeko aisiarako gune bateraino iristen da.

Ibai Parkeko bide zolatuari jarraituta, Zabaldikaraino iritsiko gara. Bideak Zabaldikako beheko auzoa gurutzatzen du, eta bidexka batetik, errepidera ateratzen da. 200 metro harago, aisiarako beste gune bat ikusten da, eta hara abiatzen gara, errepidea gurutzatuta. Bide batek, meharrak baina argiak, ibaiaren aldapa bertikalari heltzen dio. Hor babes-hesiak daude, eta laster iristen da Arletako lursailera. Lur soilean zehar muino batera iristen da. Han, oraindik ere, Santiagozar eremuaren hondakinak daude.

Ekialdeko Ingurabidea (Iruña inguratzen duen errepidea) lurpeko pasabide batetik gaindituta, Miravalles mendia inguratuko dugu bide honen paraleloa den pista batetik. Gunerik altuenetik, errepide txiki bat zuzenean jaisten da Arreko Trinitatearen ermitaraino. Hara iritsiko gara Ultzama ibaia gurutzatuta. Bidea Atarrabiako kale nagusi osoan barna dabil, eta Burlatatik jarraitzen du N-121 errepidea gurutzatu arte. Gero, Burlatako bidetik jarraitzen du, zuhaitzen azpian lehen, errepideko bazterretik gero, Magdalenako zubiraino iritsi arte. Honek Iruñeko ateak zabaltzen dizkigu.

Zer egin eta zer ikusi etapa bukatu ondoren?

  • Bisita gidatua Iruñeko Alde Zaharrean
  • Meza katedralean (lanegunetan, 09:30ean; larunbatetan, 09:30ean eta 20:00etan; jaialdien bezperetan, 20:00etan; igande eta jaiegunetan, 10:00etan eta 12.00etan).
  • Pintxotan Alde Zaharrean
  • Gazteluko plazako terrazetan zerbait hartu
  • Berdeguneetan atseden hartu: Taconera parkean edo Ziudadelan
  • Pilota profesionaleko partida bat ikusi
  • Aquavox, Iruñeko zentro termoludikoa
  • Antzerkia, zinema eta beste ikuskizun batzuk

Interes xehetasun gehiago

  • Informazioa lortzeko: Iruñeko turismo bulegoan
  • Kredentzialean zigilua jartzeko: erromesen aterpeetan/ turismo bulegoan / elizetan/ museoetan, hoteletan

<< Itzuli