Donejakue bidea

Kondairak

Errege-erreginak, batailak, irainak, mendekuak, sorginak, erraldoiak,... Alegiazko mundu bat hamaika mitotan, Donejaku bideko erromesaldiak eragin dituena mendetan. Sartu Donejakue bideko kondairetan barna:

Errolan eta Ferraguten kondaira

Capitel del Palacio de los Reyes. Estella-Lizarra

Zorioneko halabeharrez arte erromanikoaren eredu paregabea den Lizarrako Nafarroako Errege-Erreginen Jauregiaren aurretik pasatzen bazarete, fatxada apaintzen duten kapiteletako batean Errolan eta Ferraguten kondaira hau ikusi ahal izango duzue zizelkatua:

Karlomagnok, frankoen erregeak, bere inperioaren goieneko aldia bizi zuen garai horietan, hamabi pareen aureola heroikoak inguraturik. Goliaten leinuko jatorri siriarreko erraldoi musulman bat hamabi soldaduei erronka jotzen ausartu zen.
Lehenengo Ogier handia garaitu zuen, ondoren Montalbango Reginaldo, eta, horrela, banan-banan Errolan ausarta bakarrik geratu zen arte. Eta enperadoreak arriskuan jarri nahi ez zuen arren, Errolan tradizioz Naiaran ospatzen zen desafiora joan zen.

Mihi gaiztoek ziotenez, Errolan Karlomagnoren iloba edo Karlomagnoren beraren eta bere arrebaren arteko intzestuaren seme izan zitekeen...

Errolan eta Ferraguten arteko borrokaldiak izugarriak izan ziren, baina, aldi berean, hain orekatuak izan ziren, ezen menia bat erabaki behar izan baitzuten, garaile argirik ez zegoelako. Menian zeudela, paladin kristaua eta txapeldun islamiarra lagun egin ziren, eta Ferragutek, sineskor eta fidakor, lagun berriari bere boterearen sekretua aitortu zion: bere gorputzeko atal bat besterik ez zen zaurgarria, zilborra.

Hurrengo egunean, bazkaltzen ari zirela, Errolanek garai hartan ageriko etsaiak ziren bi erlijioen egia eta akatsei buruzko eztabaida eragin zuen. Eztabaida berotzen joan zen, harik eta ordalia baten bidez, hau da, itxituran jainkoaren epai baten bidez, konpontzea erabaki zuten arte.

Borrokan hasi eta lehen erasoaldian, Errolanek lantzaren punta erraldoiak berak aitortutako ahulgunean, zilborrean, sartu zion. Eta horrela hil zen Ferragut anker eta ergela.

Ordutik gaurdaino, Naiarako gizonezko asko bataiatu dituzte kondairazko erraldoi haren izen metalikoarekin: Ferragut.

Igo

San Birilaren kondaira

Monasterio de Leyre

San Birila abadeak kontatua.

Garai hartan atsekabea sentitzen nuen eternitatearen dilema zela-eta, eta etengabe zalantzak bururatzen zitzaizkidan. Jainko Gure Jaunari misterio honen inguruan argi egin ziezadan eta nire bihotzean argia piztu zezan erregutzen nion. Udaberriko arratsalde batez, sarritan egin ohi nuen bezala, Leireko mendietako zuhaitz hostotsuen artean ibiltzera atera nintzen.

Nekatu nintzenean, iturri baten ondoan eseri nintzen atseden hartzeko asmoz. Eta, han, urretxindor baten txorrotxio ederra entzuten txundituta eta liluraturik geratu nintzen.

Niretzat ordu batzuk besterik izan ez zirenak pasatu ondoren, monasteriora itzuli nintzen, nire etxera. Ate nagusia igarotzean, anaia fraideak ez zitzaizkidan ezagunak egiten. Gela ezberdinetatik ibili nintzen, eta xehetasun bakoitzak harritzen ninduen. Zerbait arraroa gertatzen ari zela ulertu nuen.

Inork ezagutzen ez ninduela konturatu nintzenean, priorearengana joan nintzen. Honek, harriturik, nire istorioa arretaz entzun zuen. Liburutegira joan ginen enigma argitzeko asmoz, eta, agiri zaharrak aztertzen ari ginela, zera aurkitu genuen: "duela hirurehun urte, San Birila izeneko fraide santu batek monasterioa zuzendu zuen eta udaberriko ibilaldi bat egiten ari zela piztia batzuek irentsi zuten".

Begiak malkoz beterik, fraide hori ni nintzela eta Jainkoak, azkenean, nire otoitzak entzun zituela ulertu nuen.

Igo

San Ataulforen kondaira

Refectorio de la Catedral de Pamplona

Azipilonek kontatua

IX. mendean, Iberiar penintsulako iparraldeko ohiturak ez ziren oso eredugarriak. Monasterio-eskandaluak, abandonatutako emazteak eta amorantedun apaizak nagusi ziren garai lizun horietan. Compostelako apezpiku Ataulfo II.ak gehiegikeriekin amaitu eta elizaren diziplina lehengoratu nahi zuela esaten zuten, horretarako indarkeria erabili behar bazuen ere. Baina erabaki hori ez zitzaien batere gustatu nahaspila horretatik onura ateratzen zutenei.

Horrela, bada, neguko arratsalde hotz baten, nire lagun Cadonek eta nik neuk, Azipilonek, apaiz matxino batzuk hartu genituen bisitan. Haserre zeuden Compostelako apezpikuak muturrak sartu zituelako eta garai hartako Asturiasko Alfontso III.a Handiarengana joan gintezen eskatu ziguten. Ataulfo salatu behar genuen, erregearen agintaritzaren aurka azpijokoan aritzeagatik eta mairuekin Galiziako lurrak emateko akordioak egiten ibiltzeagatik. Halaxe egin genuen, guk ere ez baikenuen gure pribilegioak murrizterik nahi. Eta erregea konbentzitzea ez zen lan gogorra izan, bere asmoen artean erresumaren etsai guztiekin akabatzea baitzegoen.

Joan zen apezpikua Alfontso III.arengana, baina, begirunea azaltzen bukatu baino lehen, atxilotu egin zuten. Traidore oro bezala, zezen basati baten aurrean bakarrik utziko zuten zigor gisa.

Zigorraren egunean, jendez gainezka zegoen plaza. Guztiok oihuka ari ginen, piztiak mehatxu boteretsu harekin nola akabatzen zuen ikusteko gogo eta grina handiz. Piztia plazara irten zenean abiada handian oldartu zitzaion Ataulfori, baina, gotzainaren jantziak ukitu baino zertxobait lehenago, zezena bat-batean gelditu eta burua makurtu zuen, otzandurik, Ataulfok bere adarrak heldu zitzan utziz, han bertan geunden guztion harridurarako. Damuturik, hanka-sartze nabarmena egin genuela ulertu nuen, egun hartan errugabe zela argi geratu baitzen.

Historiak ez zuen gertakizun horiek ahazterik nahi, eta Iruñeko katedraleko jangelako kapitel eder baten betikotu zituzten.

Igo

Bargotako sorginaren kondaira

Viana

Haur bat besterik ez nintzenean, gaur egun Las Cañas izena duen Vianako urmaelean jolastu ohi nuen anaiarekin eta lagunekin. Komunitate osoko sorginak araoak egin eta deabruari laguntza eskatzeko urmaelaren inguruan biltzen zirela uste ohi zen, baina gu, haurrak, ez ginen istorio horiek egia ziren ala ez galdetzen ausartu inoiz.

Gau batez, anaiak esnaturik itxaron eta gertatzen zena ikusteko konbentzitu ninduen... Ezin izan nion izuari eutsi zerura begiratzean hura zeharkatuz Vianako urmaelera zihoazen silueta magiko batzuk ikusi nituenean.

Etxera iritsi ginenean, izarapean ezkutatu nintzen izuturik. Anaia ni kontsolatzen saiatzen ari zela, logelatik atera zen bat-batean, indarren bat beraz jabetu izango balitz bezala. Oso urduri nengoen arren, ohetik salto egin eta jarraitu egin nuen. Gauaren iluntasunean sartu eta urmaelerantz abiatu ginen han gertatzen zenaren berri izateko irrika handiz. Sastraken artean ezkutatu ginen eta, hortik, sorgin batzuek esaldi ulertezinak esaten zituzten bitartean suaren inguruan dantzatzen zutela ikusi genuen beldurturik. Han bildutako guztien artean, gure herriko bizilagun Joanes ezagutu genuen. Mihi gaiztoen arabera, bere betiko nahia apaiz izendatzea zen.

Egun batzuk beranduago, Joanesek (Bargotako sorgina, izengoitiz) gau batez deabruari laguntza eskatu ziolako eta bere etxea gau bakar batean eraikitzeko iratxo gaizto batzuen laguntza jaso zuelako zurrumurrua ibiltzen hasi zen. Gu haren guztiaren lekuko izan ginen arren, ez ginen aitortzen ausartu, eta gure sekretu bihurtu zen.

Urte batzuk beranduago, Kalagorriko Inkisizioaren Auzitegian Joanesen aurkako epaiketaren ondoren, nire anaiak etxe zahar hura bere bizileku bihurtu nahi izan zuen. Baina azkar asko utzi behar izan zuen, sorginaren garrasi gorgarriek odolak ur bihurturik esnatzen baitzuten gauero.

Oraindik ere, zerua arretaz begiratuz gero, Bargotako sorginaren silueta ikusiko duzu Vianaren gainean hegaz...

Igo

Zubiriko zubiaren kondaira

Zubiri. Puente de la Rabia.

XI. mende inguruan, Donejakue bideak Orreagatik jaistean zeharkatzen duen Zubiri herrian, Arga ibaiaren gainean erromesei bidea erraztuko zien harrizko zubi eder bat eraikitzeko gogoz beterik, nekaezin lan egiten genuen. Hala ere, bazirudien madarikazio arraroren batek lan hura amaitzea galarazten zigula.

Erdiko zutabea eraikitzeko zailtasunarekin harriturik, hura jasan behar zuen haitza zulatu behar izan genuen. Gure harridurarako, emakume gazte baten gorpuzki usaintsua aurkitu genuen bertan. Santa Kiteria amorruaren babeslearen gorpua zen alajaina!

Mando baten gainean jarri eta, apezpiku-segizio umoretsuak lagundurik, santuaren gorpuzkiak Iruñeko, erresumako hiriburuko, katedralerako bidea hartu zuen prozesioan. Burlatara iristean, mandoa gelditu egin zen, eta inork ezin izan zuen handik mugitu. Segizioak Jainkoak Santa Kiteria betirako bideko herri hartan egon zedin erabaki zuela ondorioztatu zuen, eta hantxe utzi zituzten bere erlikiak.

Zubiriko gure zubi maitearen erdiko zutabeari dagokionez, ordutik gaurdaino mendeetan zehar amorrua sendatzen lagundu du. Animalia eta gizakiek hura inguratuz sendatu edo saihestu dute gaixotasuna, eta, diotenez, egun oraindik ere ez du dohain taumaturgikoa galdu.

Igo

Gillen eta Feliziaren kondaira

Representación del Misterio de Obanos.

Gillenek kontatua

Goizero, esnatzean, nire arreba maite Felizia eta ni, Gillen, Akitaniako jauregiko lorategira ateratzen ginen ibiltzera. Felizia gure dukerriaren aberastasunak bermatuko zituen noble boteretsu batekin ezkonduko zen egunaren inguruko ametsak partekatzen genituen.

Garai batean Gillermo X.ak egin bezala, Donejakuera erromes joateko familiako ohitura jarraituz, ezkondu aurretik Donejakuera erromesaldia egin nahi zuela jakinarazi zigun Feliziak. Eta halaxe egin zuen. Baina etxera itzultzean lagun hurkoa laguntzeko grina sentitu eta Amokain izeneko Nafarroako herri txiki batean neskame gelditzea erabaki zuen.

Bere erabakiaren berri izan nuenean, jauregiko zoko guztietan entzun ziren nire oihuak, hain ziren handiak sentitu nituen haserre eta hisia. Etsipena kontrolatu ezinik, bere bila joan nintzen. Aurkitu nuenean, eta nirekin jauregira itzuli nahi ez zuela esan zidanez, amorru menderakaitza nitaz jabetu eta hil egin nuen... Larriturik eta damuturik, Donejakuera jo nuen erromes, barkamen eske. Etxera itzuli nintzenean, atsekabeturik, Arnotegiko gainean ermita bat eraikitzea erabaki nuen, eta bertan bakardadean otoitz egingo nuen, hil arte.

Nire arrebaren gorpua Labiano izeneko inguruko herri batera eraman zuten. Harrezkero, bertako biztanleek buruko minak sendatzen dituzte Feliziaren erlikiei kultu emanez. Egun, oraindik deitoratzen dut Felizia maitearen galera.

Igo

Txoriaren kondaira

Puente la Reina. Virgen del Txori.

Gares, 1834. urtea. Lehen gerra karlistaren garaian, isabeldar gudarosteko jenerala zen Viamanuelgo kondeak, deitu ninduen, goizeko ibilaldian lagundu nezan. Gure zaldien gainean jarri eta hiriko kaleetan zehar ibili ginen. Herriari izena ematen dion zubi erromanikora iristen ari ginela, herritar talde zaratatsu bat Puyko Ama Birjinaren irudia zur eta lur begiratzen ari zela ikusi genuen.

Jakinminaz beterik, gerturatu egin ginen. Jendea liluratuta zegoen "txoriñoak" ardura handiz garbitzen zuelako gure Birjina maitearen aurpegia. Ikusgarria zen "txoriak" etengabe mokoan ura nola hartu eta, hegoen laguntzarekin, Ama Birjinari amaraunak nola kentzen zizkion ikustea.

Jendearen pozarekin batzekotan nengoenean, kondearen barre-algara iskanbilatsua entzun nuen. Txoriari eta herritarrek horri eskainitako miresmenari iseka egiten ari zitzaien. Garestarrek, mindurik eta haserre, txistu egin zioten, eta, herritarren mespretxua sentitu zuenean, buelta erdia hartu eta urrundu egin zen kondea.

Nire jauna erabat haserre zegoela ohartu nintzen. Hala ere, ezin nuen ordu batzuk beranduago gertatu zena sinetsi: kondeak eta bere guardietako batzuek kanoiak burrunbarazi zituzten Zumalakarregi jeneralaren erasoa jasaten ariko bagina bezala, itxurak eginez. Gaua heltzean, helburu bakartzat garestarrak mendekuan hartzea zuen engainuari amaiera eman zion. Baina azpijokoak azpijoko, kondeak ez zuen lortu herriaren mirespena batere ezabatzea.

Bi aste beranduago Zumalakarregiren tropek San Fausto haitzetan garaitu eta tropa tradizionalistek fusilatu zutenean, garestar guztiek "txori" maiteari iseka egitearren jasotako bidezko zigorra izan zela jo zuten.

Igo

Eunate-Olkotzeko kondaira

Iglesia de Santa María de Eunate

Hargin-maisu batek kontatua.

Eunateko Andre Mariaren elizpea zizelkatzea eskatu zidatenez, pozez gainezka eta harro sentitzen nintzen. Jainkoaren inspirazioa sentitu eta, horrela, maisulan bat egin ahal izateko, gordetzea, isolatzea erabaki nuen. Baina, itzuli nintzenean, naturaz gaindiko ahalmenak zituen hargin erraldoi batek niri agindutako lana egin zuela ikusi nuen.

Haserretuta, abadearengana jo nuen, baina hark, nire azalpenei jaramonik egin gabe, nire urrunaldia fraideei eta abadeari berari errespetu falta bat iruditu zitzaiela aditzera eman zidan. Zigor gisa, antzeko lan bat egiteko agindu zidan, baina hargin erraldoiak erabilitako denbora berean amaitu behar nuen: hiru egun, ez gehiago ez gutxiago.

Agindutako lanaren tamainaren ondorioz etsita, basoan sartu nintzen deabruari laguntza eskatzeko erabakiarekin. Baina Lamiñak sorgina izan zen, nitaz errukiturik, nire arazoa konponduko zuen sekretu magikoa kontatu zidana.

Bere aholkuei jarraituz, suge handi batek ahoan gordetzen zuen ilargi-harria eskuratu nuen, San Joan gauez ibai bazterrean utziko zuela esan baitzidan.

Ilargiaren argia islatzen zuen harria, kaliza eta Nekeas ibaiko ura lagun nituela, han gertatzen ari zen miraria ikusi nuen txunditurik. Hala ere, akatsen bat izan zen, eta portada alderantziz sortu zen, ispilu batean islatua egongo balitz bezala. Herritarrak liluraturik zeuden nire lanarekin eta hargin erraldoiak, amorruz beterik, inguruko beste herri batetaraino bidali zuen nire lana, hain ostiko handia emanda.

Jakinmina duen orok nire lana Olkozko elizan ikus dezakeela jakin behar du eta portada berdina, baina alderantziz, Eunateko Andre Mariaren elizan.

Igo

Sigurden kondaria

Snagüesa. Portada de la iglesia de Santa María. Sigurd matando al dragón.

Zangozako Andre Mariaren elizako aurrealdean geratzen den bidaiariak Sigurden kondaira eskandinaviarra kontatzen duten hainbat eskultura aurkituko ditu. Zalantzarik gabe, deigarriak gertatuko zaizkio. Nik, eskultura horiek zizelkatzeko trebetasuna izan nuen hargin ezezagun horrek, kondaira honen jatorri eta zentzua kontatuko dizkizuet.

Odinek Valhalla lurrarekin lotuko zuen zubi bat eraikitzeko eskatu zien erraldoiei. Erraldoiek, trukean, Freya, ugalkortasun eta edertasunaren sinboloa eta jainkoen alaba kutuna, eman ziezaioten eskatu zuten.

Ordaina handiegia zelakoan, jainkoek gogor negoziatu zuten eta erraldoiek nano nibelungoek belaunaldiz belaunaldi Rhin ibaiaren urredun uretatik ateratako kondairazko altxorra eska zezaten lortu zuten horren ordez. Behin lanak bukatu eta erraldoien nahia bete ondoren, horiek Fafner herensuge odoltsuak zaindutako leize batean gorde zuten altxorra.

Mimek, nanoen artean jakintsuenetako batek, voslungoen heroia zen Sigmund erregearen heriotzaren berri izan zuen. Horren umezurtz txiki Sigurden irakasle izatea lortu eta borrokarako hezi zuen.

Sigurd gazte indartsu bilakatu zenean, bere aitaren Gram ezpata magikoaren zatiak eman zizkion eta, lehen mandatu eta iniziazio-proba gisa, Fafner herensugea hiltzeko agindu zion.

Heroi gazteak ezpata berriz landu zuen Regin azti-errementariaren laguntzarekin. Aztiak herensugeen aurka borrokatzeko sekretu batzuk irakatsi zizkion. Sigurdek lepoan zauritu zuen Fafner lehen erasoan, borrokaren bortizkeriaren ondorioz herensugearen odol tanta batzuk ahora erori zitzaizkiolarik. Horri esker, heroia, bat-batean, hegaztien hizkuntza ulertzen zuela ohartu zen. Hegaztiek narrastiaren odoletan bainatuz gero ezin zaurituzko bihurtuko zela jakinarazi zioten. Era berean, altxorrari buruz hitz egin zioten, nanoek ez baitzioten ezer kontatu, eta itzultzean Mimek bera hiltzeko asmoa zuela ere esan zioten.

Sigurd, jakina, herensugearen odoletan murgildu zen, baina, bainatzen ari zela, udazkeneko ezki baten hostoa bizkarrean erori zitzaion, kondairan erabakigarria izango zen tarte zaurgarri bat utziz.  Mime erail ondoren, heroiak Regin aurkitu eta bere lanaren ordainean eskatutakoa eman zion, Fafnerren bihotza.

Eta horrela hasi zen bere abenturen istorioa, askoz ere beranduago Wagnerren operek hain ezagunak bihurtuko zituenak.

Igo

Errolanen Kantua

Ibañeta. Monolito de Roldán.

Karlomagnok kontatua.

778. urte inguruan, ni, Karlomagno, Zaragozak men egitearen zain nengoen. Hortaz, niretzat ez zen ezustekoa izan bake mezua zekarten Marsil errege zaragozarraren mezulariak hartzea. Erantzun gisa, Marsilen proposamena onartzeko mandatuarekin bidali nuen Ganelon Zaragozara. Gure helburua lortu genuenez, nire gudarostea eta ni neu Frantziara itzul gintezkeela erabaki nuen.

Horrela, etxera bueltan, herriminak jota, Errolan leialak atzeguardia-buru ziurtatzen zuen zutoihala eraman zezan erabaki nuen.

Dena bere lekuan zegoen; baina, egun batean, xake partida bat jokatzen ari nintzela, nire Errolan maitearen olifantearen soinu ikaragarria entzun nuen. Ezin mugitu gelditu nintzen, zerbait izugarria gertatzen ari zela jakin bainuen berehala. Baina Ganelon hori burutik kentzen saiatu zen, gure Errolan ausarta ehizan edo beste zerbaitetan ariko zela eta segur aski laguntzarik ez zuela beharko sinestaraziz.

Ganelonen hitzek ez ninduten lasaitu, eta nire barneko indar batek gudarosteko zaldunak egon behar liratekeen lekura eraman ninduen. Orreagako haitzartera iritsi nintzenean ulertu nuen nire oinazearen arrazoia zein zen, lurra nire pareen odolaz bustia, suntsitua eta gorpuez estalia aurkitu bainuen.

Ezin nuen gertatu zena ulertu, baina Ganelonen bat-bateko irribarre batek, maltzurkeriaz beterikoak, berak gertatu zenaren berri bazekiela adierazi zidan, dudarik gabe. Izaki gorrotagarri hark bere semeorde Errolan hilik ikusi nahi zuen, nire aurka konspiratu zuen eta Marsilekin bat egin zuen.

Egindakoa itzuliko niela zin egin nuen eta nire indar guztiak eman nituen Zaragozako gudarostea jazarri, suntsitu eta Zaragoza nire esku erori zen arte. Ganelon zitalari dagokionez, merezi zuena jaso zuela besterik ezin dezaket esan. Bidezko epaiketa egin eta Aixen zatikatu zuten.

Horrela lortu nuen nire gudarostearen oroimena mendekuan hartzea.

Eta historiak gertakizun horiek herri oroimenean irudikatu zitezen nahi izan zuen; horrela gogoratzen dira Erdi Aroko poema epiko ezagunenetako batean: "La Chançon de Roland" edo "Errolanen Kantua".

Igo