Donejakue bidea

Historia

Donejakue bidea, tradizio handiena duen ibilbidea

Monumento al peregrino. Monte del Perdón

Donejakue bidea gizarte kultur eta erlijio gertakaria da, Erdi Aroan sortua. Mendeetan, kristau herri guztietatik etorritako tenplarioak, errege-erreginak, nobleak, aztiak, printze-printzesak, magoak, behartsuak, zaldunak eta jainkozaleak ibili dira bidean, ehunka kilometro eginik, "trumoiaren semea" goitizena zuen Santiago Nagusia apostoluaren hilobiaren aurrean ahuspezteko.

Nafarroako Erdi Aroko errege-erreginek ospitaleak, monasterioak, elizak eta baselizak bultzatu zituzten, atzerriko maisu eta artistek beren estiloari jarraikiz eraikiak. Bidean dauden ehunetik gora hirik eta mila monumentuk baino gehiagok agertzen dute ibilbideak ekarri zuen kultur eta arte aberastasuna.

Nahiz eta azken urteotan hainbat ibilbidek gorakada izan —Zilarraren bidea edo Iparraldeko bidea, besteak beste—, Frantziako bidea da historian tradiziorik handiena izan duena, nazioartean ospetsuena eta erabiliena. Era berean, UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen 1993an. Horrela deitzen da Frantziatik datozen lau bide nagusiak hara abiatzen direlako: Podendarra, Le Puy-tik datorrena; Lemovicendarra, Limogesetik; Tourondarra, Toursetik; eta Tolosarra, Tolosatik. Lehenengo hiruak Orreagatik sartzen dira Penintsulara, eta, laugarrena, berriz, Somportetik (Aragoi). Frantziako bideak 720/790 kilometro ditu Penintsulan, gutxi gorabehera (aldaeren arabera). Beraz, 25 eta 31 etapa bitarte egiten dira oinez. Aragoi, Nafarroa, Errioxa, Burgos, Palentzia, León, Lugo eta Coruña zeharkatzen ditu.

Igo

Pelaio eremutarra eta Karlomagno enperadorea: ibilbidearen aurrendariak

Ajedrez de Carlomagno. Museo de Roncesvalles

813an, Libredon mendian (egungo Santiago) izar euri misteriotsua zegoela ohartu zen harrituta Paio/Pelaio eremutarra. Hara hurbildutakoan, Santiago Nagusiaren hilobi ezkutua aurkitu zuen. Horrela, Compostela kristautasunaren erreferentzia-puntu izan zen handik aurrera, Erroma eta Jerusalem bezala.

Musulmanen aurka garaipen asko lortu zituenez, Karlomagno enperadore frankoa Europa politikoki batzeko ikur bihurtu zen, kristautasunaren etsaien aurka jotzeko. Hori dela eta, beharbada, legendazko istorio batek izendatu zuen Santiagorako erromesaldien aurrendari. Apostoluaren hilobia aurkitu zenean hilda zegoen arren, Karlomagnoren figura epikoak bidearen etapak zeharkatuko ditu aurrerantzean balentria handiak eginez.

Igo

Erdi Aroko bidea: ibilbidearen urrezko aroa

Colegiata de Roncesvalles

Nafarroako errege-erreginek Donejakue bidea gaur egungo itxuran finkatzeko laguntza erabakigarria eman zuten. Lurralde politikari eta estrategia militarrari dagozkien arrazoiak direla eta, Antso III.a Gartzes Nagusiak (halako izena eman zioten bere erregealdia garaiko luzeena izan baitzen) Burundako bideari jarraitzen zion bide erromatarra eta Bizkaiko eta Burgosko iparraldeko beste bide batzuk Errioxako lautadara bideratu zituen. Erregeak eta bere ondorengoek bidearen alde jokatu zuten. Horretarako, erromesak babesteko lehenengo neurriak hatu, ibiltariendako zerbitzuak zituzten jendegune egonkorrak sortu, eta garaian Iruñeko erresumak zeharkatzen zuen Donejakue bide osoan ospitaleak eta monasterioak eraikitzea bultzatu zuten. Hain zuzen ere, XII. mendetik aurrera, Iruñeko erresuma Nafarroako erresuma hartu zuen izen, Antso VI. Jakitunaren garaian. Era berean, arte erromanikoa loratzen eta eragin klunitarra sartzen lagundu zuten bidearen bi aldeetan.

1135ean, Erdi Aroko erromesendako gidaliburu bat argitaratu zen, Codex Calixtinus edo Santiagoren liburua, Aymeric Picaudek idatzia. Donejakue bidearen nondik norakoa oso zehazki deskribatu zen han Hainbat gai biltzen ditu liburuak: Santiagori buruzko liturgia testuak, horren mirariak eta gorputzaren lekualdatzea; Karlomagno eta Errolanen istorioa; eta erromesaldirako gidaliburua bera.

Igo

XVI. mendea: erromesaldien gainbehera

XVI. mendetik aurrera bideak ez ziren seguruak. Bide-lapurrek, erlijio-guduek, Europa soiltzen ari zen izurri beltzak, eta protestantismoaren sorrerak Donejakue bidearen gainbehera ekarri zuten. Hainbat urtetan ia ez zen erromesik ibili.

Igo

XIX.-XX. mendeak: Donejakue bidearen berpizkundea

XIX. mendean, Leon XIII.a aita santuaren bulda batek berretsi zuen Santiago apostoluaren hilobia egiazkoa zela. Ondorioz, erromesak hasi ziren berriz bidea egiten, santuaren aurrean ahuspezteko.

Nolanahi ere, XX. mendean piztu zen berriz bidea, 70eko hamarkadatik aurrera. Administrazioen interesak, aita santuak Santiagora egindako bisitek, Donejakue bidearen adiskideen elkarteak (lehenengoa Parisen, 1962an) eta kofradiak agertzeak eta 1987an Europako Lehen Kultur Ibilbide eta 1993an Gizadiaren Ondare izendatu izanak izan zuten eragina horretan.

Igo

Donejakue bidea gaur egun

Peregrinos. Entrada albergue

XXI. mendean, Donejakue bidea Europako Kultur Ibilbide dela egiaztatu zen, eta Adiskidetasunaren Asturiasko Printzea saria jaso zuen. Sari horiek laguntzen dute urtetik urtera erromesaldien kopurua igotzen. Gaur egun, 150.000 erromesek baino gehiagok zeharkatzen dute Penintsula urtero, Santiagora oinez, bizikletaz edo zaldiz heltzeko. Eta kopuru hori handiagoa izaten da Donejakue urteetan, hau da, uztailaren 25a, Santiago eguna, igandea den urteetan.

Batzuek erlijio zentzu sakonez ekiten diote bideari, beste batzuen xedea, berriz, kultura edo kirola da, besteak beste. Erromesen arteko desberdintasunak izan arren, motibazio komuna egoten da: eguneroko bizitzatik aldendu eta gogoeta egiteko denbora eta leku bat aurkitzeko beharra.

Igo