Donejakue bidea

Bitxikeriak

Janzkera

Hasieran, erromesek beste bidaiariek erabiltzen zituzten bezalako arropak janzten zituzten, baina, pixkanaka, janzkera zehazten joan zen: hanken mugimendua eragozten ez zuen beroki motza, hotzetik eta euritik babesteko larruzko bizkarrekoa, kapelu biribil hegal-zabala eta norbere burua baino luzeagoa zen burdinazko puntadun pordoia. Pordoian zintzilikatutako kalabazak kantinploraren lana egiten zuen. Erromesalditik itzultzean, erromesak erabilitako jantzi, kapelu eta pordoiak jainkotiar oroigarri eta ondorengo belaunaldientzat eredu gisa gordetzen zituen, edo bere gustuko eliza bati ematen zizkion, bidearen arriskuetatik onik ateratzearren zinopari gisa eta esker onez.

Egungo bidaiariak, zorroaren ordez, motxila darama eta, janzteko kolore nabarren ordez, kolore anitzeko kamiseta, zira, galtza eroso eta kirol-zapatak edo mendiko botak. Baina erromes-maskor ederra eramatea ere gustatzen zaio, bere gauzei josia edo lepotik zintzilik.

"Esportilla" eta pordoia

Kalabaza eta zorroarekin batera, erromesaren ikur bereizgarriak ziren. "Esportilla" hildako animalien larruarekin (orein larrua zen estimatuena) egindako zakutxo estua da, eta bere ahoa beti zabalik eramaten da, ez lokarriarekin lotua. Pordoia luzera askotakoa izan daitekeen makila biribil edo bastoia da. Eskuarki, sagarra du gainaldean, eta txurro puntazorrotza ere beste muturrean, otso eta zakurretatik babesteko eta, aldi berean, bide zailetan pausua ematen laguntzeko. Kalabaza pordoian zintzilikatzen da, batzuetan, eta saihetsean edo gerrian, bestetzuetan.

Erromes-maskorra

Ez da edonolako maskorra, Galiziako uretan ohikoa den "pecten jacobeus" delakoa baizik. Arropetan josi ohi zuten itzulerako ibilbidean apostoluaren hirian benetan egon zirela adierazteko; laster, erromesaren ikur bihurtu zen. Baliteke maskorrak kapa, kapelu eta katanarruetan josteko ohiturak antzinako jatorri paganoa izatea. Codex Calixtinusean mirari bat kontatzen zen, maskorrak Donejakue bidearekin lotze aldera. Ziotenez, bere zaldi zoroak itsasora botatako printze bat erreskatatu zuen Done Jakuek, eta printzea maskorrez josia atera zen uretatik. XII. mendean, Santiagoko Paradisuaren plazan (egungo Azabachería), bazegoen jada bisitarientzako oroigarri gisa berun, eztainu eta atxabitxizko maskorrak saltzen zituen negozio oparoa.

Igo

Segurtasuna bidean

Pikaroak: erromesen jantziek alfer eta nagi asko ezkutatzeko ere balio izan zuten. Horren ondorioz, bidaia elizkoiaren benetako helburua bermatzeko hainbat neurri hartu ziren. Bidea leporaino betetzen zuen pikarokeria ekiditeko, Felipe II.ak espainiarrek erromesaren jantziak eraman zitzaten galarazi zuen. 1590. urtetik aurrera, Pirinioetatik haratagokoek bakarrik eraman zitzaketen jantzi horiek. Erromesa iruzurgile eta gaizkileen gustuko biktima izan ohi zen, eremu zabalean ibili eta herrialdea ez baitzuen ongi ezagutzen erromesak. Beldurgarrienen artean, ostalari batzuk zeuden, ardoari ura bota, behar baino gehiago kobratu, kanbioak txanpon faltsuekin eman edo arrain eta haragi zaharrak ematen baitzituzten. Txalupa-zain batzuek ere neurrigabeko prezioak eskatzen zizkioten ibiltari babesgabeari. 1133an, Santiagoko agintariek merkatariei kargu hartu zieten erromesei bertakoei baino gehiago kobratzen zietela egiaztatu baitzuten.

Segurtasuna: bidaiari oro bezala, jaun ezberdinen menpe zeuden lurralde ezezagunak zeharkatu behar zituen erromesa gomendiozko gutunak lortzen saiatzen zen, gero lur horietan ibiltzeko baimena izateko. Horrela, eragozpenak ekidin eta bidaiariak fardel eta zelabereengatik ordaindu beharreko bidesari eta zergak salbuesten zituzten, nahiz eta hori sarritan teorian soilik gertatu.

Igo

Erromesarentzako arreta

"La puerta se abre a todos, enfermos y sanos. Así a los católicos, como a los paganos, a judíos, herejes, ociosos y vanos" ["Atea denei irekitzen zaie, eri ala osasuntsu. Nola katolikoei, hala pagano, judu, heretiko, alfer nahiz harroputzei"]. Modu horretan goresten zen XIII. mendean Orreagaren abegi ona. Bertan, hiru egunetarako ohea eta janaria zituzten zain bidaiariek, ibilaldi neketsu baten ondoren indarrak berreskuratzeko denbora egokia. Emakume eta gizonentzako gela desberdinak zituen. Oinak garbitu, bizarra egin eta ilea moztu, behar zutenei oinetako berriak eman eta, inork eskatuko balu, bainua hartzeko aukera ere eskaintzen zuten. Orreaga ibiltariarentzako arreta onenaren paradigma zen.

Hasieran, harreraren arduradunak monasterio handiak izan ziren: Leirekoa, Iratxekoa eta Iruñeko katedrala, esaterako. Beste ospitale apalago batzuk Arreko Trinitatea, Garesko Gurutzearen eliza eta Larrasoañakoa izan ziren. Jateko zera ematen zen: zopa edo salda, ogi-opil bat, ardoa eta barazki, egoskari, arrain edo haragi anoa bat. Eskaintza ohe on batekin, suarekin eta arreta espiritualarekin osatzen zuten. Gaur egungo aterpetxeek lehengo izaera abegitsua hartu dute oinordean eta erromesei aterpea eskaintzen diete, egun bidaia hain arriskutsua ez izan arren, oraindik oso gogorra izaten jarraitzen baitu.

Igo

Erromesaldi motak

Ordezkari bidezko erromesaldia: gutxi ezagutu baina hala ere garrantzitsua izan zen bitxikeria bat ordezkari bidezko erromesaldiak ere egiten zirela da. 1312ko agiri batek zehazten duenez, Yves Lebreton frantziarrak Artoisko kondesaren izenean bete zituen erromesaldiaren baldintzak.

Zaldun-erromesaldia: XV. mendetik aurrera beste erromesaldi mota bat aurkitu daiteke: zaldun-erromesaldia. Horren adibide Werchingo Hainault zalduna izan zen. Horrek Santiagorako bidean berekin hogei legoa baino gehiagoko distantzia gordetzen ez zuen zaldun orori erronka joko ziola iragarri zuen.

Igo

Urte santua

Apostoluaren eguna (uztailaren 25a) igandea egokitzen den urte oro Done Jakueren Urte Santu izendatzen da. Elizak fededunei espiritu-graziak ematen dizkie garai horretan. Ospakizuna aurreko urteko abenduaren 31n hasten da, Ate Santua irekiz. Santiagoko artzapezpikuak hiru aldiz jo ondoren, Ate Santua ixten duen horma behera botatzen du kanpoaldetik. Atea abenduaren 31 arte egoten da zabalik, eta orduan berriz ixten dute.

Igo

Erromesaldiaren amaier

Bidea Santiagoko katedralean aurkitzen den apostoluaren hilobira heltzean amaitzen da.

Igo