Zer nahi duzu?

Antso Nagusia, bide frantsesaren sustatzailea

Antso Gartzez III.a, Nagusia ezizenekoa, Iruñeko errege izan zen 1004tik 1035ean hil zen arte. Nafarroako errege garrantzitsuena izan zen Antso Nagusia; penintsulako subiranoetan boteretsuena, bere erregealdi ia osoan zehar. Bera hasi zen hispaniar lurraldea europartzen eta txanponak eginarazten, eta bultzada handia eman zion Donejakue bideari.

Antso Nagusia tronuratu zen garaian, Donejakue bideak Orreaga, Iruñea, Irurtzun, Uharte Arakil, Agurain, Miranda Ebro eta Burgos zeharkatzen zituen. Alabaina, bere agindupeko lurraldea kontrolatzeko asmoz, Erregeak aldatu egin zuen ibilbidea, eta hegoalderantz desbideratu zuen. Hala, erromatarren galtzada zaharrak baliatuz, Gares, Lizarra, Logroño, Naiara, Santo Domingo de la Calzada eta Burgosetik pasarazi zuen bidea. Ibilbide hori aurrekoa baino apur bat laburragoa eta irekiagoa zen, saihestu egiten zituen pasabide estuak eta haitzarteak, eta erraztu egiten zuen merkatarien zein soldaduen joan-etorria.

Ildo horretan, XII. mendeko Historia Silense kronikak garbi azpimarratzen du zein lan handia egin zuen Erregeak bide frantsesa indartzearren: «Pirinioetako gailurretatik Naiara hirira arte, oztoporik gabeko Donejakue bidea ezarri zuen; aurretiaz, bidetik aldendu eta Araba aldera jo behar izaten zuten erromesek, barbaroen beldur».


Bide Frantsesa gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen, eta Espainiako iparraldeko erresuma kristauen arteko komunikazio-bide nagusia bihurtu zen. Eginkizun horretan, Antso Nagusiak bere emazte Munia izan zuen laguntzaile. Dirudienez, Erreginak eman zuen ibilbideko zubi ospetsuena eraikitzeko agindua; hau da, Garesko zubi erromanikoa, Arga ibaia zeharkatzen duena.

Antso Nagusiak hobetu egin zituen ibilbidea eta bideko babesa, eta, gainera, neurriak hartu zituen erromesek abegi ona jaso zezaten; horrez gain, indargabetu egin zituen ordura arte ordaindu behar izaten zituzten zerga-betebehar jakin batzuk. San Juan de la Peñako monasterioa sortu zuen (Jaka), Aragoiko Bidearekin lotuta, eta erraztasunak eman zituen Cluny ordena Espainian sar zedin. Hori funtsezkoa izan zen Bidearen garapenerako.

Beraz, XI. mendearen erdialdera arte, Antso Nagusia izan zen Donejakue bidea sustatzeko ahalegin handiena egin zuen Erregea. Berak abiarazitako prozesua beste bi erregek burutuko zuten mende bereko bigarren erdialdean, ohartu baitziren bideak sekulako balio espirituala zeukala islamaren aurrean, eta onura handien iturri zela gizartearen eta ekonomiaren arloetan. Hona zein izan ziren bi errege horiek: haren biloba, Gaztela eta Leongo Alfontso VI.a, eta Aragoi eta Nafarroako Antso V.a Ramirez. Errege horiek bide frantsesaren ibilbidea ezarri zuten, eta Erdi Aroko bideetan garrantzitsuena bihurtzea erraztu zuten; hala adierazi zuen, 1130. urtean, Codex Calixtinus erromes-gida famatuak.