Zer nahi duzu?

Erromanikoa eta Gotikoa

Donejakue bidea erromes-biderik garrantzitsuena izan zen Erdi Aroan Europan, eta eragin ikaragarria izan zuen Espainiako ekonomian eta kulturan. Bide historiko horri esker, han-hemenka barreiatuta zeuden erresuma txikiak Europara gerturatzen hasi ziren, eta inoiz ez bezalako kultura-trukea gertatu zen. Horrela, euren gorenera iritsi ziren arte erromanikoa eta gotikoa.

Erromanikoa Nafarroan

Bidea garapen artistikoaren iturburua zen; batez ere, «erromesaldiaren estiloarena», erromanikoarena. Estilo erromanikoa XI. eta XII. mendeetan loratu zen gehien, Donejakue bideak sekulako ospea zeukan garaian. Hala ere, korronte horren loraldian, funtsezko garrantzia izan zuen Clunyko erlijio-ordenak ere.

Asko eta asko ziren bidean batera eta bestera ibiltzen ziren erromesak, artisauak, harginak, eskultoreak zein merkatariak, eta haien guztien joan-etorriek arkitektura zibil eta erlijiozkoa sustatu zuten. Elizak, monasterioak, ostatuak, ospitaleak, zubiak eta auzoak eraikitzen hasi ziren, Donejakue bideak mugiarazten zuen jendetza hura hartzeko. Halaxe hasi ziren sortzen Erdi Aroko burguak, eta, horien erdigunean, eliza erromanikoak, beren zinborio eta absideekin.

Arte erromanikoak bere lerroen garbitasuna, bakuntasuna eta soiltasuna ditu ezaugarri nagusi. Elizek gurutze latinoko oinplanoa izaten dute, eta hiru nabe. Erdiko nabea garaiagoa eta zabalagoa izaten da albokoak baino. Gurutzadura koroatzen, dorre bat edo zinborio bat izaten da, eta aldare nagusia burualde erdizirkularrean egoten da.

Orduko harginek ezer gutxi zekiten arkitektura-teknikei buruz; beraz, gangen pisuari eusteko, harlanduzko horma lodietara jotzen zuten, eta kontrahormak jartzen zituzten, sendogarri. Leiho gutxiko eraikinak izatean, iluntasunean murgilduta egoten ziren tenplu erromanikoak, eta nor bere baitara biltzera gonbidatzen zuten. Horrenbestez, hormak edertzeko, kolore biziak erabili behar izaten zituzten margolariek. Zutabeen buruko kapitelak Bibliako istorio eta pasadizoekin apaintzen zituzten, irudi haiek baitzituzten herritarrek kristau-ikasbide, analfabetoak baitziren gehien-gehienak.

Erromanikoak Nafarroako Donejakue bidean utzi duen ondarea ikaragarria da. Horren erakusgarri dira honako hauek:

Bide Frantsesa, Orreagako monumentu multzoa, Magdalena eta San Pedro zubiak Iruñean, Garesko zubi erromaniko bikaina eta Santiago eta Gurutze elizak, Eunateko eta Torres del Ríoko planta oktogonaleko elizak, eta Lizarrako Ruako San Pedro, San Migel eta Santa Maria Jus del Castillo elizak. Udalerri horretan, gainera, Nafarroako Errege-Erreginen Jauregi ederra dago.

Aragoirantz doan adarrean, Leireko Monasterioa daukagu adibideetan interesgarrienetakoa. Ikusgarriak dira, halaber, Zangozako Santiago eliza, Vianako Printzearen Jauregia eta Andre Maria erreginaren elizako aurrealdea, harrizko biblia bat baita benetan.


 


Gotikoa Nafarroan

Jendetza ibiltzen zen Donejakue bidean XII. mendearen amaieran ere. Eta bide horretatik sartu zen Penintsulara eta Nafarroara, Frantziako zistertarren ordenaren eskutik, Europan indarra hartzen ari zen arte berria: gotikoa.

Arte erromanikoaren horma astun eta lodien ordez, dorre lirainak, ganga ederrak eta forma dotoreak aldarrikatzen zituen arte gotikoak. Erdi-puntuko arkuak arku zorrotzari eman zion bidea, eta iluntasunak argitasunari. Gainera, beirate handi koloretsuak zeharkatuz sartzen zen argia barrura. Monasterio eta komentuetan, aurrera egiten zuen bizitzak. Zaharberritu egin zituzten elizak, fatxadak, errefektorioak zein klaustroak, eta ospitaleak eraikitzen hasi ziren, gaixo zeuden erromesei babes emateko.

Hona hemen Nafarroako Donejakue bideko arkitektura gotikoaren adibide onenak: Orreagako kolegiata, Espainian parametro horiei jarraikiz eraikitako lehena; Iruñeko Andre Mariaren katedrala eta San Saturnino eliza, Lizarrako Hilobi Santuaren eliza eta Vianako Andre Mariaren eliza. Eskulturari dagokionez, Antso Azkarraren hilotz etzana dugu Nafarroako hilobi-eskulturetan lehena.